Goierriko hautagaien hausnarketak hauteskundeetako emaitzez
Josu Aztiriak (EH Bildu), Markel Olanok (EAJ), Alex Gonzalezek (PSE-EE), Monica Monteagudok (Sumar) eta Ander Jimenezek (Elkarrekin Podemos) Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzei buruzko iritzia plazaratu dute.
JOSU AZTIRIA. EH BILDU
«Emaitzak historikoak dira, mapa politikoa erabat aldatu dute»
Emaitza «historikoak» lortu ditu EH Bilduk Josu Aztiriaren ustez, «inoiz lortu ditugun onenak», dio. Eremu guztietan egin du gora ezker independentistak, baita orain arte zailagoak zitzaizkion lekuetan ere, «Eibarren edo Zumarragan irabaztea edo Bizkaiko Ezkerraldean egin dugun gorakada izugarria da horren erakusgarri», gehitu du. Eusko Legebiltzarraren osaketari buruz, orain arteko «parlamentu abertzale soberanistena» izango dela dio, eta «ezkerreko politikak» lehenetsiko dituena. Ziklo berri baten hasiera aurreikusten du Aztiriak, «mapa politikoa erabat aldatu da. Orain lau urte EAJrekin aldea 10 eserlekutakoa zen, gaur 0. Alderdi guztiek rol berriaren gaineko irakurketa egoki bat egin beharko dugu».
MARKEL OLANO. EAJ
«Ezinbestekoa da belaunaldi berri batek ardura bereganatzea»
2028an Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak egingo direnerako EAJk 50 urte beteko ditu «gure herriaren lidergoari etenik gabe eusten» gogorarazi du Markel Olanok. Ez du zalantzarik egin alderdiak «bidegurutze estrategiko nagusietan» asmatu duela baieztatzekoaren: «Hasi hausturaren aurrean hauteskundeetan parte hartzea hautatzen, edo iraultzaren aurrean Europako ongizate eredua aplikatzen», dio. Mende erdia pasa eta gero «ezinbestekotzat» jo du belaunaldi berri batek alderdiaren ardura bereganatzea. «XXI. mendeko gazte batek erabaki estrategiko nagusia hartu beharko du: gure eredua suntsituko duen iraultza bultzatu edo gure ongizate eredua defendatu eta eraldatu», hausnartu du.
ALEX GONZALEZ. PSE-EE
«Proiektu ezkertiar ez abertzalea duen lehen indar politikoa gara»
«Oso positibotzat» baloratu ditu PSE-EEren emaitzak Alex Gonzalez urretxuarrak, 10 eserleku izatetik 12rako saltoa ahalbideratu diotenak, nahiz eta, «abstentzio handiak» –Goierrin %37,49– eraginik izan duen. Sozialistek gora egin dute boto kopuruan Goierriko hainbat herritan, «Urretxun eta Zumarragan», adibidez. Eusko Legebiltzarrean «hirugarren indarra gara, baina garrantzitsuagoa dena, proiektu ezkertiar ez abertzale bat aurkeztu duen lehen indarra gara», dio. Gobernu «indartsu eta egonkor» baten alde lan egiteko konpromisoa berretsi du, «elkarbizitzan, akordioan eta elkartasunean» oinarrituta. «Euskadiren berreraikitze sozial eta ekonomikoaren alde lan egingo dugu, pertsonak ardatz hartuta», amaitu du.
MONICA MONTEAGUDO. Sumar
«Euskadiko politikek ezkerrera egin dezaten lanean jarraituko dugu»
Igandeko emaitzen gainean «azterketa sakona» egiten ari direla esan du Monica Monteagudok Sumarren izenean. Hauteskundeak «oso polarizatuak izan dira, ia hegemonikoak diren bi aukeren artean, eta esparru hori haustea lortu dugu», dio. Bide batez, «pozik» dago herritarren zati bat «ezker konfederalari botoa emateko balioaz eta erabilgarritasunaz konbentzitu» dutelako. Lanean jarraituko dute «Euskadiko politikek ezkerrera egin eta euskaldunen bizitzak hobetzen» jarrai dezaten. Emaitzek Sumarrek «oraina eta etorkizuna» badituela erakusten dutela dio. Lanean jarraituko dutela adierazi du, «zumeak eraikitzen jarraituko dugu, Euskadiko herri eta hiri guztietan gero eta indartsuago izateko».
ANDER JIMENEZ. Elkarrekin Podemos
«Jendeak ezkerraren zatiketa zigortu du hauteskunde hauetan»
Elkarrekin Podemos-Alianza Verde koalizioa izan da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan galtzaile nagusia. Ander Jimenez beasaindarrak dioenez, «emaitzak txarrak dira». Lehen irakurketa bat eginda, jendeak «ezkerraren zatiketa zigortu» duela uste du. Baina gaizki egindakoetatik ere ikasten dela eta «lanean tinko» jarraituko dute, «gure proiektua berreraikiko dugu, berandu baino lehen Euskadik beharrezkoak dituen politika feminista, ekologista eta sozialak aurrera eraman ahal izateko», gaineratu du. Hauteskunde «zailak» izan dira, baina «jendearen konfiantza berreskuratzeko» lanean jarraituko dute, «beharrezko proiektua izaten jarraitzen dugulako».