23. Mami txapelketan parte hartzeko izena eman daiteke jada
Maiatzaren 2a izango da izena emateko azken eguna. Gazta Azokaren barruan egingo da txapelketa, ohi bezala. Azoka maiatzaren 4an eta 5ean egingo dute aurten.
Ohitura denez, Idiazabalgo Gazta Azokaren barruan jokatuko da, aurten ere mami txapelketa. Idiazabalgo Gazta Azoka maiatzaren 4an eta 5ean egingo da eta besteren artean, denboraldiko gazta berria dastatzeko aukera egongo da. Mami txapelketak 23. aldia izango du aurten eta maiatzaren 4an, larunbatez gauzatuko da. Parte hartzeko izena eman daiteke jada, maiatzaren 2ra bitartean.
Idiazabaldarren artean ospea duen lehiaketa da mamiarena eta dagoeneko Gazta Azokaren baitan guztiz errotuta dagoen ekintzetako bat da. Edozein idiazabaldarrek har dezake parte lehiaketan. Jakina denez, mamia egiteko erabiliko den esnea latxa ardiarena izan behar da eta ez da azukre edo bestelako gehigarririk onartuko. Mamia egiteko erabiliko den esnea nongoa den esan beharko da izena ematerako orduan.
Mamia egiten ikasteko saioa
Udaletxean eman daiteke izena maiatzaren 2ra arte. Izena ematerako orduan jasoko dira mamia aurkezteko poteak bertan. Mamia etxean egin eta gero, maiatzaren 4ko 11etarako eraman beharko da Mikel Deunaren plazara. Behin mami guztiak daudenean, 11:15ean hasiko da dastatzea. 12:45ean mamia egiten irakasteko saioa izango da eta ondoren, sari banaketa.