Elikadurari buruzko jardunaldia Biziolan osatuko dute bihar
Biziola elkarteak, Bidezko Elikadura GKEak eta Bergarako Elikadura Mahaiak elikadura eskubideari buruzko solasaldi sorta bat antolatu dute. Bergarako UNEDen da lehen solasaldia, gaur asteartea; eta Lazkaoko Biziola espazioan bigarrena, bihar arratsean.
Elikadura eskubidea auzoan hasten da izenburudun jardunaldia egingo dute, bihar, Lazkaoko Biziola espazioan (18:00etan). Herritarren elikadura osasungarria eta iraunkorra bermatzeko esperientzia komunitarioak aurkeztuko dituzte, elikadura eskubidearen markoa definitzeko asmotan.
Bi egunetan banatuko dute jardunaldia. Gaur, asteartea, Bergarako UNEDen izango dira hitzaldia, 18:30ean hasita. Bihar, bestetik, Biziolan. Antolatzaileak Biziola, Bidezko Elikadura GKEa eta Bergarako Elikadura Mahaia dira.
Bai batean, bai bestean, bi esperientzia aurkeztuko dituzte. Valentziako Entreiguales ekimenaren berri emango du, lehenik Raquel Alvarez mendi ingeniari eta agroekologian adituak. Duela hiru urtetik Entreiguales ekimenaren koordinatzailea ere bada.Valentzian egoera zaurgarrian dauden pertsonen artean elikadura osasungarria, jasangarria eta solidarioa izateko eskubidea sustatzea helburu duen ACOEC Komunitate arteko Lankidetzarako Elkartearekin elkarlanean dihardu. “Hori lortzeko,elkarteen eremuko liderrak prestatu eta ahalduntzen dira, beren inguruan elikadura osasungarri, iraunkor eta solidariorako eskubidearen aldeko dinamizatzaile komunitarioak izan daitezen”, aurreratu du Biziolak Valentziaren ekimenaren funtzioa.
Gaitu ondoren, pertsona horiek sentsibilizazio- eta dinamizazio-jarduerak egiten dituzte beren kolektibo eta komunitateetan, prozesu pedagogikoa kolektibo hauetako beste pertsona-talde batzuetara zabaltzeko eta eragin biderkatzailea sortzeko. Metodologia hori “berdinen arteko hezkuntzan” oinarritzen da.
Bigarren esperientzia, Agharas eta Bizilur elkarteek Barakaldon (Bizkaia) abian duten Turtit Auzolan proiektua da. Amazigh gazteek sortutako elkartea da Agharas, eta urteak daramatza Bilbo ezkerraldean kulturartekotasuna lantzen. Orain dela lau bat urtetik, kalean bizi diren gazteei astean hiru gautan afariak ematen dizkiete, eta harrera pisu bat ere badute, aldi baterako erabiltzeko.
Elikagaiak eurek ekoizteko lana ere egiten dute, bertako baserritarren eta beste toki batzuetakoen jakinduria uztartuta. “Eredu ekologikoan ari dira, eta oraindik ekoizpen txikia badute ere, elkarteak antolatzen dituen afariak eta pisua hornitzea dute etorkizuneko helburu”. Lursail bat eskuratzen Bizilur GKEak lagundu die.