«Testu aberatsak dira kopuruan eta edukiaren eta formaren aldetik»
Altzagako Sarasola baserriko Benita Gorostizu Imazen eskuizkribuetan oinarrituta, 'Sukaldetik agorara. Benita Gorostizu Imaz. Emakumeak lurralde ilunetik irteten' liburua argitaratu dute Elixabete Perez filologoak eta Leyre Arrieta historialariak. Ostiralean Ertoetxen aurkeztuko dute lana, 18:00etan.
Benita Gorostizu Imaz Altzagako Sarasola baserrian sortu zen 1915eko otsailaren 12an, eta bertan hil zen 1981eko irailaren lehenean. Hamasei urte zituela umezurztu zen, sei senide gazteago etxean zituela. Antonio Garmendia itsasondoarrarekin ezkondu eta hamabi seme-alaba izan zituzten. Senarra gerratik eri itzuli zen. Gorostizuk hamabi seme-alaben bizitza aurrera eraman zuen produktuak azokan saltzen.
Baserriko lanek eta zaintza lanek uzten ziotenean, idatzi egiten zuen. Irakurzalea zen. Baserriaren desagerpena, genero arrakala, klaseen arteko ezberdintasunak, euskararen egoera… hainbat gai jorratu zituen. Elixabete Perez filologoak (Errenteria, 1961) eta Leyre Arrieta historialariak (Mutriku, 1971) Sukaldetik agorara. Benita Gorostizu Imaz. Emakumeak lurralde ilunetik irteten liburuan jaso dituzte haren eskuizkribuak. Ostiralean, Altzagako Ertoetxen aurkeztuko dute lana egileek, 18:00etan.
Nola sortu zen liburua?
Nire senarra Benitaren semeetako baten (Tomasen) lankide ohia da. Tomasek aipatu zion etxean bazituztela amaren eskuizkribu batzuk, duela urte batzuk saiatu zirela zerbait egiten, zer egin ere ez zekitela eta ea nik begiratuko nituen. Begiratzen hasi orduko konturatu nintzen hor harrobi txiki bat zegoela.
Kasualitatez, paperak begiratzen ari nintzela Berdintzen beka deialdia iritsi zitzaigun. Bekako adarretako batek aukera ematen du atzera begiratzeko. Proiektua egin genuen pentsatu genuelako historialari batek eta filologo batek elkarrekin lan eginda emaitza hobea izango zela eta balioko zigula Benita Gorostizu bere garaian eta giroan kokatzen. Proiektua aurkeztu genuen eta beka eman ziguten. Hori izan zen hasiera.
Hamabi urtera arte eskolara joan zen Benita Gorostizu. Gaztelaniaz alfabetatu zen baina euskaraz idazten zuen.
Bi munduk elkar jotzen dute. Benita Gorostizu euskaraz biziko zen seguru. Kontua da eskolarizazioa nola gertatu izan den, eta euskarak zenbat lan eginda lortu duen bizitza akademikoan sartzea. Berak idazten eta irakurtzen gaztelaniaz ikasiko zuen eskolan, baina emakume euskalduna zen eta euskaraz biziko zen. Bere gogoz idatzitako testuak dira eta bere hizkuntza euskara zen.
Baserriaren desagerpena eta generoen arteko ezberdintasuna ziren bere kezka nagusiak?
Bi gai horiek oso presente daude bere lanetan. Industrializazioaren eraginez nekazaritza eta baserri giroa apaltzen doa eta horrek dakar mundu oso baten desagerpena. Hori ikusten du eta kezkaz bizi du. Era berean, ikusten du herri txikietako eskolak ere desagertzen doazela, herri txiki horietako umeak herri handiagoetara eramaten dituztela eskolara eta horrek ere dakarrela haustura herri txikien eta handien artean.
Genero ezberdintasunak ere kezkatzen zuen. Urratsez urrats markatzen doa zer ezberdintasun ematen diren neskato baten eta mutiko baten artean ia sortzetik. Horiek gai nagusiak dira.
Ikasteari ere garrantzia handia ematen zion.
Bi gai horiek daude lotuta helburuarekin. Benita Gorostizu oso ondo konturatzen da ikasteak, formatuta egoteak eta jakin mina izateak emakumeari batez ere zenbat lagunduko dion bizitzan zehar. Ikusi zuen emakume alfabetatu gabeak, ikasketarik ez zutenek, menpekotasun egoeran zeudela.
«Azpimarratzekoa da Gorostizuren testuen kalitatea. Garbi ikusten da emakume honek bazuela idazteko zaletasuna»
Oso inportantea iruditzen zaio ikastea. Amona eta bilobaren arteko elkarrizketa bat asmatzen du, eta hori behin eta berriz agertzen da. Hiru adarreko ikasketa aipatzen du: eskolan ikasitakoa, eskolan ikasitakoa testuinguruan kokatzea eta transmisio orala, zaharrei entzutea. Emakumea lurralde ilunetik ateratzeko bidea ikastea dela dio.
Idazkerari dagokionez, zer aztertu duzue?
Hainbat erabaki hartu behar izan ditugu. Ez zitzaidan batere egokia iruditzen Gorostizuren testuak oraingo euskara batuaren edo estandarren arabera ematea. Iruditzen zitzaigun lexikoa ezin genuela aldatu. Saiatu gara gaurko idazmoldera egokitzen testua, baina bere usain eta doinuei leialak izaten, 1970-1980 inguruan idatzitako testuak 2024ra ekartzeko.
Azpimarratzekoa da Gorostizuren testuen kalitatea. Garbi ikusten da emakume honek bazuela idazteko zaletasuna, grina, eta ongi idazteko eta baliabide estilistikoak erabiltzeko. Emaitzan ikusten da bere testuetan formari eta moduari ere garrantzia ematen ziola. Testu aberatsak dira kopuruan eta eduki eta forma aldetik.
Testuak gordeta egon dira. Ia denak. 1971n Zeruko Argian artikulu bat argitaratu zuen.
Guk dakigula hori bakarra argitaratu zuen. Gainera, ez dago bere izenean, ‘Goierriko emakume batek’ sinadura erabili zuen. Artikulu horren eskuizkribua ere badaukagu.
Orduko Tolosako alkatea zenari ere idatzi zion gutun bat herri txikietako eskolen inguruan. Ez dakigu bidaliko zuenik. Seme bati ere dote moduko bat idatzi zion, bertso gutxi batzuk ere baditu… Lan luzeena amonaren eta bilobaren arteko solasa da. Horrek esan nahi du denbora mordoa emango ziola gauetan idazteari.
Zer idatzi zuen Zeruko Argian?
Artikulu hori oso inportantea iruditzen zaigu. Argitaratzea ausartu zen. Emakumeak biografiatzen ditu mugarriz mugarri: jaiotzean horrela, komunioan bestela, mutikoak erromerian… ia ia feminismoaren manifestu bat zen, emakumeen eskubideen alde.
Zergatik izengoiti batekin?
Benita Gorostizu baserritarra zen, ama, ez zen giro kulturalekoa. Harrigarria egiten da horretara ausartzea, baina ulertzeko modukoa iruditzen zait bere izenean ez sinatzea, bere buruari zenbaterainoko indarra emango zion bere izenarekin ezer argitaratzeak. Eta, era berean, adierazten ari zaigu ez dela Benita Gorostizuk bakarrik bizi izan duen egoera, hori edozein emakumek bizi izandakoa ere izan dela interpretatu daiteke. Horregatik Sukaldetik agorara, ahots publikoa irabazi nahi zuen bere pentsamendua adierazteko.
Azterlan bat da?
Ikerketa dago atzean, baina saiatu gara edozeinek ulertzeko moduan adierazten. Ez genuen lan tekniko bat egin nahi adituentzat, kontrara uste dugu eta esan digute oso ondo irakurtzen dela eta argibideak dituela.
Ostiralean bi egileak egongo zarete liburua aurkezten?
Bai, ilusio handia egiten digu. Altzaga denbora guztian buruan izan dugu. Lakuan aurkeztu genuen, baina Altzagakoak ilusio handiagoa egiten digu, bere lekuan, etxekoen artean, herrikideen artean izango delako.