Errugbiaz gozatzen jarraitzeko, elkarketa
Ordiziako eta Bera Berako neskak elkarrekin ari dira jokatzen Euskal Ligako denboraldia. "Hobetzen" doan arren, "emakumeen errugbiak bultzada handiagoa behar" du Mikel Mungia entrenatzailearen esanetan.
Badira urte batzuk Ordizia Rugby Elkartea emakumeen errugbi taldea osatu eta entrenatzeaz gain lehiatzeko moduan izateko lanketa egiten ari dela. Tartean, emakumeak errugbira gerturatzeko hainbat entrenamendu deialdi egin dituzte azken urteetan. Jokalari kopurua, baina, muga bat izan da helburu hori lortzeko. Horregatik, 2023/2024 aurtengo denboraldirako Bera Bera nesken taldea eta Ordizia Rugby Nesken taldea elkartu egin dira, elkarrekin Emakumeen Euskal Ligan jokatzeko, Bera Bera Ordizia izenpean.
Mikel Mungia Txungi beasaindarra da taldearen entrenatzaileetako bat. 12 urtez azpiko eta 14 urtez azpiko mutilen taldeak entrenatu zituen lehenago, eta duela bi urte hasi zen nesken taldea entrenatzen. Euskal Federazioak ligaxka bat sortu zuen hamabost laguneko taldea sortzeko zailtasunak zituzten taldeek hamabi lagunekin jokatzeko aukera izan zezaten. Hamabostekoa lehenesten zen, baina talderen batek ez bazuen kopuru hori lortzen, hamabira jokatzen zuten. “Batek edo besteak kale egiten bazuen, partidetako oso jende gutxi geunden, eta aurtengo erabakia izan da Bera Berarekin elkartzea”, azaldu du entrenatzaileak.
Hala, irailean hasi zuen denboraldia Bera Bera Ordiziak talde bakar gisa. Gutxienez astean behin elkartzen dira Ordizian eta Donostian, txandaka, elkarrekin entrenatzeko.
Denboraldia luzatzeko kopa
“Diferentzia askoko taldeak gaude ligan, batzuk indartsuak, urteak daramatzatenak, besteak hasiberriak…”. Liga erregularreko lehenengo fasea laugarren postuan bukatu ondoren, bigarren fasea jokatzen ari dira. Larunbatean jokatuko dute bigarren faseko azken partida, Durango Rugby Taldearen kontra, Durangon. Uni Bilbao Rugby taldeak jokatuko du promozioa. Ondoren, denboraldia luzatu eta jokatzen jarraitzeko aukera izateko, kopa moduko bat jokatuko du Bera Bera Ordiziak bere multzoko taldeekin.
Elkartzea, aukera bakarra
Mungiak “sailkapena begiratzea gustuko ez” badu ere, denboraldi txukuna egin dute neskek: “Liga ikasteko eta ikasten jarraitzeko dela uste dut, baina guztioi gustatzen zaigu emaitza onak ateratzea eta aurten ez gaude kexatzeko, lehen seien artean geratu ginelako lehen fasean eta itxura ona ematen ari garelako bigarren fase honetan ere”.
Taldearekin jarraitzeko asmoa dute hurrengo denboraldiari begira, gustura egoteaz aparte, “aukera bakarra” delako talde handi bat egin eta errugbiaz gozatzen segitzeko. “Hobetzen” doan arren, “emakumeen errugbiak bultzada handiagoa behar” du Mungiarentzat. “Beste talde batzuk ere elkartu behar izan dira, ez gara bakarrak egoera honetan. Nahiz eta hobera egin duen, laguntza handiagoa beharko luke oraindik indarra hartzeko”.