‘Juana’ liburua aurkeztuko du Jon Artanok gaur Itsasondon
18:30ean izango da, liburutegian. Juana Perea Plata euskal jatorriko kolonbiarra nork eta zergatik hil zuen ulertzeko, krimena gertatu zen tokira bidaiatu eta lekukoekin hitz egin zuen Artanok liburua ontzeko.
Liburu Eguna izango da gaur. Hori dela eta, Jon Artano kazetari eta idazle zestoarrak Juana bere lehen liburua aurkeztuko du gaur Itsasondoko udal liburutegian, 18:30ean. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene Mujika bekaren fruitua izan zen liburua, iazko urrian argitaratua.
Kazetaritza lana da, Juana Perea Plata protagonista duena. 1937an Bilbotik ihes egin eta Bogotara iritsi zen euskal familia batean jaio zen. Nerabetan etxetik alde egin eta abentura bila joan zen Karibera. Enpresaria eta aktibista zen euskal jatorriko kolonbiarra. 2020an tirokatuta hil zuten.
Artanok, Juana nork eta zergatik hil zuen ulertzeko, krimena gertatu zen tokira bidaiatu eta lekukoekin hitz egin zuen, eta kazetaritzaren zorroztasuna eta literaturaren baliabideak erabilita ondu zuen liburua.