Liburuak protagonista Ormaiztegin
Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur. Ormaiztegin hainbat ekintza martxan daude jada. Liburu aurkezpenak eta kontakizunak, irakurzaletasuna sustatzeko helburuz.
Gaur apirilak 23, Liburuaren Eguna ospatzen da nazioartean eta Ormaiztegin ere bat egin dute egun honekin. Jada hasita daude Liburuaren Nazioarteko egunaren aitzakian antolatu dituzten ekintzak gauzatzen Ormaiztegin. Maiatzaren 6ra bitartean, liburu trukea egiten ari dira San Andres herri eskolako liburutegiko eta herriko liburutegiko bildumen artean. Ekimena LHko 2. eta 1. mailako ikasleak ari dira kudeatzen. Bestalde, ostiralean amaituko dute astelehenaz geroztik herri eskolan egiten ari diren mural erraldoia. Liburua da, noski, murala margotzeko aukeratutako gai nagusia.
Liburu aurkezpena, ostiralean
Liburuaren Nazioarteko egitarauaren baitan, Anjel Erroren bisita izango dute gaur, 18:00etan, liburutegian. Erroren Poema liburu bat lanaren gaineko solasaldia egingo dute Miren Luki irakurle taldeko dinamizatzaileak gidatuta. Bihartik ostiralera bitartean, aldiz, herriko familiak hartuko dute protagonismoa egitarauaren baitako ekintzetan. Familiak ipuin kontalari paperean arituko baitira herri eskolan.
Ostiralean pilatuko dira ekintza gehienak eta hala emango diote amaiera aurten antolatutako ekintza sortari. Ostiral goizean, ikasleen arteko kontakizunak egingo dituzte eskolan. Arratsaldean, 17:00etan Manex Begiristainek Azken galdera amari liburua aurkeztu du gizarte etxean, aurretik, 15:30ean, liburuaren aurre-lanketa egingo du eskolako LH 5 eta 6. mailako ikasleekin. Esperientzia pertsonal batean oinarrituta idatzi du liburua Begiristainek eta haurrekin heriotzaren gaia eta dolua lantzea ditu helburu.