Mozorro Eguneko jaimak antolatzeko bilera deitu du Udalak
Asteazkenean, 18:00etan, Beasaingo udaletxean izango da bilera. Jaimen funtzionamenduaz eta kokapenaz argibideak emango dituzte, besteak beste.
Beasaingo Loinatz jaiak gainean dira, maiatzaren 10ean emango baitiete hasiera, eta azken prestaketa lanetan ari da Udala.
Jaien barruan, egun nabarmenetako bat, Mozorro Eguna izan ohi da, aurten, maiatzaren 18an ospatuko dena. Egun horretan, festak kalea hartuko du. Makina bat lagun kuadrilla, familia eta norbanako animatu ohi dira, azken asteetan prestatutako mozorroekin Loinatz jaiak alaitzera, eta horiek, jaimak eta karpak izaten dituzte. Kalea hartzen duen egun hori antolatze aldera, Beasaingo Udalak jaima bat izan nahi duten kuadrillak bilera batera deitu ditu, jaimen funtzionamenduaz eta kokapenaz argibideak emateko. Bilera, udaletxeko areto nagusian izango da, asteazkenean, 18:00etan hasita.
Saioan, azken urteotan udal arduradunen eta parte-hartzaileen artean adostutako arauak eta neurriak gogoraraziko dituzte. Halaber, jaimen kokapena erabakiko da, aurkezten diren eskabideen arabera. Ordutegiei, izen-emateari, elektrizitate-hartuneei, kokapenaren zozketari, ibaiaren garbiketari eta musikaren bolumenari buruz ere hitz egingo da.