Ohituraren hazia ereiten
Hazien bedeinkatzea egin zuten igandean. Santa Engrazi egunaren bueltan urtero egiten duten ohitura da. Gurasoek seme-alabei transmititutako ohitura izan da aspalditik.
Segura bere iraganari eta mendeetan jositako tradizioari estuki lotuta dagoen herria da. Badira 300 urte gutxienez, hazien bedeinkatzea egiten dutela Santa Engrazi ermitan. Pasa den igandean, herritar mordoxka bat bildu zen beste urte batez, aspaldiko ohitura honi jarraipena emateko asmoz.
Laureano Telleria segurarra izan zen horietako bat. Haurra zenetik ezagutu du hazien bedeinkatzea etxean eta igandekoarekin «70 bat urte» badira herriari estuki lotuta dagoen ohitura honetan parte hartzen duela. Pozik dago Telleria igandean bertaratutako jende kopuruagatik «azken urteetako jendetsuena» izan zela esan du. Seguran gurasoek haurrei betidanik transmititu dieten ohitura dela dio eta igandean «gazte asko» egon zela azpimarratu du, «igandean ikusitakoarekin nik uste orandik etorkizuna baduela», gaineratu du.
Artoa, garai bateko izarra
Baratzean ereiten diren haziak eraman ohi dira bedeinkatzera. Igandean, «babarruna, artoa, baba, ilarrak…» eraman zituzten segurarrek. Garai batean artoa izaten zen gehien bedeinkatzen zen hazia: «Asko egiten zen artoa garai batean, artoa gorria, zuria…». Gaur egun ohituraz baino ez da ereiten «askok saskietan eta apaingarri moduan jartzeko ereiten dute», jakinarazi du.
Garai batean artoa animaliei jaten emateko ez ezik, hasi preziatua zen jatekoen artean, «errotan irina egiten zen eta gero opiltxoak egiten ziren, esnetan bustita edo gordinik jateko», dio Telleriak.
Fedea baino, ohitura gehiago
Kutsu erlijiosoko ohitura da guztiz. Garai batean uzta ona izateko bedeinkatzen ziren haziak «ez zen ezer ereiten Santa Engrazitik pasa gabe», dio. Ura ere bedeinkatzen zuten —baita gaur egun ere— gero, ur harekin etxeko ganadua bedeinkatzeko. Apirilaren 16an da Santa Engrazia eguna eta garai batean egunean bertan egiten zen bedeinkapena, «jai eguna izan edo asteguna». Geroago, Santa Engrazi ondorengo igandera pasa zuten.
Gaur egun, fedetik baino ohituratik gehiago duen arren, «elizak agintzen duen erara» berritzen dute erritoa Seguran. «Apaizak ura bedeinkatzen du harrizko ontzi batzuetan eta ondoren, haziak eta bertaratutakoak bedeinkatzen ditu erramuarekin». Amaieran, auzotarrek prestatutako hamaiketakoa dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Ohiturak jarraipena izan dezala da Telleriaren nahia: «300 urtean segi badu, aurrera begira ere segi egin behar du», dio. Hurrengo urtean izango da horretarako aukera berri bat.