Ordizian elkarteak 20, 10, 5 eta 3 euroko sariak banatuko ditu erosketekin
Bihartik maiatzaren 8ra bitartean herriko dendetan erosten dutenei txartelak banatuko dizkiete. Batzuek saria izango dute. Saritu gabeko txartelen artean, berriz, 300 euroko erosketa-txartela zozkatuko dute.
Ordizian merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkarteak udaberriko kanpaina jarri du martxan. 20.000 txartel banatuko dituzte ekimenean parte hartuko duten 95 establezimenduek. Txartel horietako batzuek 20, 10, 5 eta 3 euroko sariak izango dituzte erosketa txeke gisa erabiltzeko. Guztira, 3.000 eurorainoko sariak banatuko dituzte.
Bihartik maiatzaren 8ra arte, herriko establezimenduetan erosketa egiten duten guztiei banatuko diete txartel bana erosketa bakoitzeko. Batzuek saria izango dute. Saritu gabeko txartelen artean, berriz, 300 euroko erosketa-txartela zozkatuko dute. Horretarako, maiatzaren 8ko 13:00ak baino lehen Ordizian-en bulegoan entregatu behar dira txartelak. Zenbat eta erosketa gehiago egin, orduan eta aukera handiagoa izango dute erosleek saridun izateko.
“Sare indartsua”
Ekimenaren helburua, udalaren esanetan, saltokietako jarduera komertziala dinamizatzea, bezeroekiko harreman zuzena bilatzea eta haien leialtasuna saritzea da. “Ordizian merkataritza sare indartsua dugu eta hori indartzen jarraitu nahi dugu. Horregatik bat egiten dugu udaberriko kanpainarekin eta herritarrei dei egiten diegu bertan parte hartzeko. Elkarrekin egiten dugu Ordizia indartsua”, esan du Adur Ezenarro alkateak.
Ordizian udalarekin eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin garatzen ari den Tokiko Merkataritza Txikiari Laguntzeko Programaren barruan dago udaberriko kanpaina. “Programak ardatz eta proposamen desberdinak ditu, eta helburua da negozio txikien salmentak suspertzea eta dinamizatzea, tokian tokikoarekin konpromiso soziala eta enpresariala oinarri hartuta”.
Urtean zehar egindako beste hainbat ekimenekin batera, udaberriko kanpainarekin Ordiziako merkataritza jarduera bizirik mantendu nahi dute, erosketak sustatuta eta bezeroak tokiko saltoki txikian egitera bultzatuta. “Denda txikiak bizitza ematen dio gure herriari, eta konfiantzazko harreman zuzena eskaintzen du”.