«Taldea ondo kudeatu dugula eta jendea gustura egon dela uste dut»
Iñaki Larreak (Zumarraga, 1978) Urola eskubaloi klubeko gizonezko lehen taldea entrenatzeari utziko dio denboraldi amaieran. Bederatzi denboraldi eman ditu.
Nolatan piztu zitzaizun eskubaloi zaletasuna?
13 urterekin hasi nintzen eskubaloian jokatzen, futbola utzi nuenean. Kadete mailan hasi nintzen eta 15 bat urte eman nituen jokatzen. Gazte mailako denboraldi batean Legazpin jokatu nuen, hemen talderik ez zegoelako. Eta unibertsitatean eman nuen urtean ez nuen jokatu.
Ze lorpen gogoratzen dituzu bereziki?
Bi igoera [garai hartako Bigarren Nazionalera, egungo Euskal Liga], liga txapelketa bat eta Gipuzkoako bi kopa lortu genituen.
Nolako jokalaria zinela uste duzu?
Kadete eta gazte mailan lehen lerroan jokatzen nuen, ezkerreko alboan. Borroka gustatzen zitzaidan eta gol dezente sartzen nituen. Baina garai hartan indarrak garrantzi handia zuen. Altua naiz, baina argala naiz. Abiadura eta gola nituenez, lehen taldean ezkerreko hegalean jokatu nuen. Hegalekoaren lana, baloia heltzen zaionean jokaldia bukatzea izaten da. Nahiko portzentaje onak nituen.
Noiz hasi zinen entrenatzaile bezala?
Jokatzeari utzi nionean, bi seme izan nituen: Markel eta Oinatz. Lauzpabost urtetan eskubaloia erabat baztertu nuen. Ez nintzen Ispillara etortzen. Semeak koxkortu zirenean, berriro gogoa piztu zitzaidan eta zuzendaritzakoei laguntzeko prest nengoela esan nien. Hala, 2013-2014 denboraldian lehen taldeko delegatua izan nintzen. Handik urtebetera taldea hartu nuen… eta gaur arte.
Ze balorazio egiten duzu lehen taldean emandako urte horietaz guztiez?
Poz asko eta tristuraren bat edo beste. 2017-2018an jaitsi egin ginen, baina hurrengo urtean igotzea lortu genuen. Hortik aurrera, Euskal Ligara igotzen saiatu gara. Iaz gertu izan ginen. Azkeneko partida etxean izan zen eta igoera fasera sailkatzeko puntuatzearekin nahikoa zen, baina gol batengatik galdu genuen. Dezepzio handiena hori zan zen. Zalantzan izan nintzen, jarraitu ala ez, baina jarraitzea erabaki nuen. Aurten ez dugu helburua lortu. Lesioak izan ditugu, jokalari batzuk ezin izan dira entrenamenduetara eta partidetara etorri lana dela eta… Ez dugu taldearen bertsio onena lortu. Indibidualki ere jokalariak ez dute ahal duten guztia ematea lortu. Aurkari zuzenen aurka (Ordizia, Legazpi…) huts egin dugu. Hori bai, sekulako familia sortzea lortu dugu. Nire emaztea jokalarien neska-lagunekin joaten da partidetara. Egia esan, harro nago entrenatzaile bezala izan dudan progresioaz.
Nolako entrenatzailea zara?
Taktika lantzea gustatzen zait, baina fisikoa ere beharrezkotzat jotzen dut eta prestaketa fisikoari ere garrantzi handia ematen diot. Dena den, egungo gazteak asko zaintzen dira. Arlo horretan ez zaie asko estutu behar. Aurkariaren bideoak lortzea ere gustatzen zait, aurkariak nola jokatzen duten ikusteko eta partida horren arabera prestatzeko. Horretaz gain, jokalariei entzutea eta beraien iritzia kontuan hartzea gustatzen zait. Hori garrantzitsua da. Beraiek dira jokatzen dutenak. Taldearen kudeaketa ona egin dugula eta jendea gustura egon dela uste dut. Egia esan, jokalariak oso jatorrak dira. Guraso zentzudunak dituzte eta hori nabaritu egiten da.
Ez zarete asko izango Urolaren lehen taldean horrenbeste denboraldi jarraian eman dituzuenak.
Iñigo Canterok eta Jose Angel Garcia Varak ere bai, beharbada. 2018-2019an titulazioa atera nuen. 2002an beste titulu bat atera nuen, baina ordutik eskubaloia asko aldatu da.
Zertan aldatu da?
Lehen indarrak garrantzi handia zuen. Egun, asko korrika egiten da eta taktika gehiago dago.
Zergatik erabaki duzu entrenatzeari uztea?
Zikloak izaten dira. Aurki belaunaldi aldaketa bat egongo da eta klubak, taldeak eta nik beste zerbait behar dugu. Metodo aldaketa bat behar da. Urte asko daramatzat eta denborarekin kutsatu egiten zara. Bizio asko hartzen dira. Ideia berriak behar dira.
Erabat utzi behar al du?
Deskonektatu egin nahi dut. Burua garbitu. Baina boluntario gutxi daude, beti berdinok gaude lanean, eta beharbada bigarren entrenatzaile izateko eskainiko dut nire burua. Partidetan eta partiden prestakuntzan laguntzeko. Astero hiru entrenamendu egitea, 20:00etatik 22:00etara, oso gogorra da. Bete egin naiz. Bizitza pertsonala ere zaindu egin behar da.
Zeintzuk dira zure jokalari eta entrenatzaile kuttunak?
Entrenatzailea, jokalariak eta taktikak partidetara egokitzeko duen ahalmenagatik, Jordi Ribera. Jokalariei dagokienez, Arpada Sterbik atezaina, defentsan Didier Dinart, erasoan Mikkel Hansen, Talant Dujshebaev eta Julen Aginagalde… Jokalari osoena Nikola Karabatic dela esango nuen. Eta ikuskizun aldetik, Jackson Richardson. Dena den, gizonezkoen eliteko eskubaloia oso fisikoa da eta taktikari dagokionez emakumezkoena aberatsagoa iruditzen zait.
Zure semeei eskubaloia gustatzen al zaie?
Markel Urolako atezaina da eta Oinatzek saskibaloian jokatzen du, Goierrin. Oso pozik nago, nire nahia kirola egitea eta taldean aritzea baitzen.
Nola ikusten duzu Urolaren gizonezkoen lehen taldearen etorkizuna?
Pisu handiko bizpahiru jokalarik utziko dute, baina azpitik badator jendea. Bigarren taldekoek pauso bat eman beharko dute. Etorkizun hurbilean itxurazko zerbait egin daitekeela uste dut. Gazte mailan apur bat ahulago gaude, baina kadete eta haur mailako asko datoz. Eskubaloia uzten ez badute, borrokan egongo gara.