Xabin Fernandez legorretarra Algaraka Bakarrizketa Lehiaketan
Publikoak ostiralera arte botoa emateko aukera du. Hamabostetik hamabik parte hartuko dute lehiaketan. Epaimahaiak hamaika aukeratuko ditu, eta hamabigarrena publikoak.
Algaraka Euskal Herriko lehenengo bakarrizketa lehiaketa antolatu dute Bergarako Jardun euskara elkarteak eta Goiena komunikazio taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Bergarako Udalaren babesarekin eta Urretxuko, Zumarragako eta Zumaiako udalen laguntzarekin. Hamabost lagunek eman dute izena lehiaketan parte hartzeko, eta tartean da Xabin Fernandez legorretarra.
Hamabost horietatik hamabik parte hartuko dute lehiaketan, zuzeneko saioetan. Idoia Torregaraik, Josu Zubiak eta Aner Peritzek osatutako epaimahaiak hamaika lehiakide aukeratuko ditu, eta hamabigarrena publikoak. Ostiralera arte (apirilak 26) botoa emateko aukera du publikoak, Algarakaren webgunean. Apirilaren 29an publikatuko dute hautatuen zerrenda, eta orduan jakinaraziko dute lehiakide bakoitzak non eta noiz egingo duen saioa.
Lehiaketa maiatzeko ostiral bakoitzean egingo da. Maiatzaren 10ean izango da lehen kanporaketa, Bergarako Seminarixoan, 20:00etan; bigarrena maiatzaren 17an, Urretxuko Labeaga aretoan, 20:00etan; hirugarrena maiatzaren 24an, Zumaiako Aita Mari aretoan, 20:00etan, eta finala maiatzaren 31n, Bergarako Seminarixoan, 20:00etan. Miren Nogales eta Jon Olivares izango dira aurkezleak.