Ehun tontor igota ospatuko dute mendi federazioaren mendeurrena
Goierriko Mendizale Beteranoak, Legazpiko Izadi Zaleak eta Zegamako Amezti elkarteek parte hartuko dute Euskal Herriko Mendizale Federazioaren ekimenean.
1924ko maiatzaren 18an, Elgetan (Gipuzkoa) sortu zen Euskal Herriko Mendizale Federazioa. 100. urteurrenagatik, 100 urte, 100 mendi lelopean, Euskal Herriko ehun elkartek baino gehiagok zazpi herrialdeetatik aukeratutako ehun tontor igoko dituzte apirilaren 27an eta 28an, larunbatean eta igandean.
Deialdiari babesa emanez, 108 elkartek parte hartuko dute denera. Mendizale goierritarrek ere parte hartuko dute, hala nola, Goierriko Mendizale Betenaroek, Zegamako Ameztikoek eta Legazpiko Izadi-zaleak mendizaleen elkartekoek. Talde bakoitzak egokitu zaion tontorrean familia argazkia egingo du, mendiurrena-ren banderarekin.
Mendizale beteranoak
Goierriko Mendizale Beteranoak Kanpezura (Araba) joango dira, Perriain mendira, eta Aldako gurutzeraino (1.121 metro) igoko dira. 16,5 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Etzi, larunbata, izango da, eta aurreikuspenen arabera, 11:00ak inguruan tontorrera iritsiko dira. Handik, Zuñiga aldera jaitsiko dira, eta bide berdea hartuta, Kanpezura. Maeztun egingo dute bazkaria.
Bi autobusetan abiatuko dira Goierritik. Bata, Ordiziatik aterako da eta, bestea, Beasaindik. Bigarren horrek, Idiazabalen eta Seguran egingo ditu geldialdiak. 86 pertsonak eman dute izena, Tolosaldean bizi den goierritarren bat edo beste ere animatu da. Eskualdekoak ere bai.
Zegamako Ameztikoak
Zegamako Amezti mendi elkarteak ere parte hartuko du ekimenean. Zegamarrak Aketegi tontorrera igoko dira. Hasiera batean larunbaterako antolatu dute. Kontua da, astebururako euria dagoela iragarrita, eta horrek baldintzatuko duela plana. Momentuz, larunbatean, 08:00etan, Zegamako plazan gelditu dira. Kotxeetan Aldaolako parkingera inguratuko dira, handik hasteko ibilaldia.
Aizkorrira igoko dira lehenik, bertan hamarretakoa egiteko, eta 11:30erako Aketegiko tontorrean egotea aurreikusi dute. Bertan aterako dute familia argazkia. Taldean abiatuko ez diren mendizaleei ere parte hartzera dei egin diete. Itzuleran, Urbia aldera egingo dute, eta hantxe bazkaltzea da asmoa. Larunbatean ezin bada, igandean egitea da antolatzaileen asmoa. Hurrengo egunetan argituko dute zein egunetan egingo duten.
Legazpiko Izadi-Zaleak
Legazpiko Izadi-Zaleak elkarteko kideak, berriz, apirilaren 28an, igandea, Irimo mendira igoko dira. 07:30ean abiatuko dira elkartearen egoitzatik, Ardanbietarantz jo eta Deskarga gaineraino jarraituko dute. Pausoz-pauso, Trekutzeraino iritsiko dira. Handik, Meakara igo eta Irimoko zazpi puntak igarota, gurutzeraino joango dira.
Hainbeste ibili nahi ez duten haur, familia eta mendizaleek Santa Barbaran egingo dute hitzordua, 09:00etan, bertatik, Irimora zuzenean igotzeko. Bi taldeak Irimon elkartu ondoren, ekitaldia gogoratzeko argazki ofiziala egingo dute.
Behin argazkia aterata, denak batera, Santa Barbarara jaitsiko dira. Legazpitik atera den taldea bidegorritik itzuliko da herriraino.
Izadi-Zaleak taldeko kideek ekimenean parte hartzeko deia egin diete mendizale guztiei eta, batez ere, mendiko federatuak direnei.
Ekitaldi hau dela eta, federazioak mapa esklusibo bat argitaratu du. Izadi Zaleak elkarteari 15 mapa dagozkio eta aldez aurretik izena ematen dutenen artean zozketatuko dira. Izena eman dutenentzat, Izadi Zaleak elkartearen ohiko ordutegia, astearte eta ostegunetan, 18:30etik 19:30era da.