«Teknologia berriek hizkuntza indartsuak lehenetsiko ditiztek eta hor zaila zaukaagu, baina lehen ere zaila izan diagu eta aurrera aterako gaituk»
Itsasondoko Iraola baserrian jaio zen 1956eko martxoaren hogeita hamaikan. Amak sarri gogorarazten zion negua gogorra izan zela oso, pinuak gorritu zituenekoa, leku ospel edo laiotzetan izotza kendu gabe hilabetetik gora, ia berrogei egun, egon zenekoa.
Bost senide dira, bera erdikoa. Zaharrena, anaia, Jabier, gazterik Lazkaoko beneditarrekin egon zen, liburu enkoadernatzen ikasi zuen eta Donostiara ezkondu zen. Bigarrena Mª Dolores, azokara-eta joan izan da eta Araman bizi da, eta Mikelen ondoren Mari Karmen eta Arantxa, gazteena. Mikel Irizar autobus fabrikan ibili zen sei urtez lanean eta arreba gazteena ere han hasi zen. Han egindako lagun baten segidan Venezuelara joan eta seme-alabak izan zituzten; haien ama ere bi aldiz joan zen bisitan haurrak jaio zirenean “haiek ere laguntza beharko dute eta”, esanda. “Pentsa zer izango zen gure amarentzat halako bidaia, dozena bat ordukoa gutxienez, hegazkinez sekula ibili gabe egonda!”, dio Mikelek.
Gure protagonistak baserriaren ondoan etxea egin zuen, neska laguna ere bazuen ordurako eta… Venezuelatik arreba gazteena itzuli zenean, haren bi umeak hara eta hona eramanez eta etxea zainduz ibili zen, harik eta 1982an Irizar utzi eta Ikastolen Elkartean lanean hasi zen arte.
Baserritarra izan eta egunero eskolara oinez joan-etorria egiteak kirolerako zaletasuna piztuko zian. Horregatik hainbat kiroletan jarduna eta, nik dakidala, Tourra ikustera joaten zineten behintzat!
Duela 20 bat urte edo, karabana bat joaten gintuan. Lehenik Pirinioak eta gero Alpeak pasatzen ikusten genitian txirrindulariak. Zaldibiarrak, altzotarrak, Lazkano ta… oso oroitzapen polita zaukaat. Txoko bat aukeratu eta etapa pasatzen zenean, sekulako festa egiten genian, eta hurrengo egunean hartu dena eta, goizean goiz, hurrengo kanpalekura: batzuk autoetan, furgonetan, oinez eta ni, gehienetan, bizikletan. Kontrarioak banitian Peña eta…
Aurten ere izan gaituk. Cauteretsen, hain justu. Hiru lehengusuk bizikletan igo behar zutela eta Tourmaleten azken 4 kilometroak igo genitian. Mutikoak bizikletan eta ni oinez bate-batera iritsi gintuan. Egun ederra pasa genian.
Baina hik kirol gehiago ere gustuko izan dituk…
Nik kirol denak izan ditiat gustuko. Denetik egin diat. Behin, gogoratzen diat, Itsasondoko eskolan azterketa batean geundela, Don Agustin deitzen zen maisua, donostiarra, etorri zitzaidaan ondora eta “vamos al fronton a jugar un partido de pelota y si me ganas te apruebo, si pierdes te suspendo”. Irabazi egin nioan, baina oraindik ere ezin diat ulertu, ez zioat esplikaziorik aurkitzen, maisu batek hori nola egin zuen!
Beste maisu batek, Errenterian bizi zuan, ez zian familiarik edo umerik behintzat eta esan zidan, asteburuan Errenteriara bere etxera joan behar genuela biok. Etxera joan eta amari esateko hori. Amak ez zian ezer ulertzen, “Errenteriara? Asteburu pasa?” “Preparatzeko”. “Maisuak esan dit”. “Baina zertara?” “Ez dakit, baina maisuak esan dit…”. Baina han joan ninduan ni maisu zaharrarekin, zapatu eguerdian eskola amaitu zenean, orduan zapatuetan ere eguerdira arte eskola ematen baikenian.
Galarreta pilotalekura joan eta erremonte partidak ikusi. Errenterian maisuaren etxean lo egin eta, astelehenean, eskolara. Horri ere ez zioat azalpenik aurkitzen…
Kirol denak gogoko esan duk eta boxeoa ere probatu huen!
Ordiziako frontoian pilotan genbiltzala batek esan zian, “hi, hor behera joan behar diagu beso zuztarrak eta giharrak indartzera”, kantxaren azpiko aldean zegoan gimnasioa eta.
Han genbiltzala arduradunak esan zian: “Venga poneos los guantes”. Eta han aritu gintuan zakuari kolpeka. Eta egun batean esan ziguan: “Vamos a Renteria a ver cómo boxean los de allí”. Hamasei urterekin, gu hara ere joan, eta goanteak jantzi eta hasi gaituk jolasean edo, eta batek eman zidaan kristoren bekainekoa eta han etorri ninduan betondoa majo belztuta. Hurrengo goizean txukuna zegoan hura; ama aztoratuta “zer egin duk hor?”. Ez nauk gogoratzen zer esan nioan, erori egin nintzela edo horrelako zerbait. Geroago jakin zian. Han bukatu zuan nire boxeolari ibilbidea.
Lehen, eskolako kontu batzuk kontatu dituk eta Xabier Zeberioren ateraldi bat etzundako errezeloa badiat.
Bai elkarrekin ibili gintuan. Aritmetikako klasean zuan bai. Maisuak: “Ejercicio de aritmética”. Denok kopiatu behar hark diktatu ahala. “Si un hombre gana al día 10 pts. y gasta dos pesetas en comer, una peseta entre amigos y otra peseta en vestir, ¿cuanto dinero le sobrará a la semana?”.
Denok isilik eta, halako batean, Zeberiok eskua altxa eta, “a ver Zeleberio”. Ez zian ondo esaten asmatzen abizena. “Dime cuanto le sobrará a la semana”.
¿Vive lejos ese hombre?
¿Qué pues, Zeberio?
¡Lo mejor será preguntarle a él!
Ondo pasatuko zenuten orduan…
Eskolan gu ikusita gaudek maisuak esku batetik soka lotu, arbelaren atzetik pasa soka eta beste eskuan lotuta, zintzilik eduki zian ikaslea.
Bihurriak ere bai tartean eta, behin han etorri zuan, beheko solairuan zegoan nesken eskola eta mutilena goikoan, maistra eta neskato bat erabat tximu eginda! Orduan komunean kaka egindakoan baldearekin botatzen genian ura eta, norbaitek ikusiko zian beheko komuneko leihotik burua aterata neskato hori eta, baldekada burutik behera…
Egun, Ezkion bizi haiz Aitziberrekin, haren gurasoekin eta zuen bi semeekin.
Bai. 2009ko santalutzitan eman genioan ibilbide honi hasiera, lehenago ere elkar ezagutzen genian, baina egun hori diagu hasierakoa. Ezagutu, Ezkioko alkate ohia Iñaki Idiakez zenaren omenez plaka bat jarri zitean Ezkioko Santa Mañan, eta gu biok joan gintuan bertso pare bana edo kantatzera eta, ondorengo tragoan, Ezkioko Ostatuan ezagutu genian elkar.
Ezkioko Errota-Burun bizi gaituk. Errota baserrikoa duk Aitziber jaiotzez, baina hura abiadura handiko trenbidea egiteko eraitsi zitean eta gaineko aldean etxe berria eraiki behar izan zitean. Han bizi gaituk Aitziberren gurasoak, gu biok eta bi semeak. 2010ean jaio zuan lehen semea Oinatz (Joxean Ormazabal zendu zen urtean) eta 2012an bigarrena, Unai.
Bertsotarako afiziorik ba al zekartek?
Tarteka telebistako saioa ikusten-eta bertsolari batzuk ezagutu ere egiten ditiztek, Sarasuatarrak, Euzkitze, Lazkano ere bisitatu diagu inoiz…
Bertsotarako afizioa ez zakiat zenbat, baina bertso eskolan ibili zuan Oinatz eta orain nahita ere ezin, ez duk talderik osatu eta.
MENDIZABAL BERTSOLARIA
Hastapenak gogoan? Lehen saioa non egin huen gogoratzen al duk?
Familian-eta ez nian bertsotan aritzen zenik, baina bazuan etxean Auspoa saileko liburu bat eta handik ikasten nitian bertsoak, eta bakarrik nengoenean kantatu. Anaiak eman zidaan lehen plaza egiteko aukera. Lazkaon komentuan egon zenean bazian hark lagun matxinbentar bat, bertsozalea nonbait ere eta, Matxinbentara joan nahi al nuen galdetu zidaan eta baietz esan nioan. Iritsi eta Xebastian Lizaso han. Ez zaidak ahazten nola galdetu zidan “zenbat urte dituk?” eta nik, ez zekiat ziur baina, 17 urte inguru nitian, hemezortzi martxoan beteko nitian, eta berak erantzun zidaan “ni baino zaharragoa haiz”. Kriston golpea hartu nian! (dio barre algara artean). Lehen plaza hantxe egingo nian, kiosko txiki bat jarri zitean eta mikrotik hantxe kantatu nian lehen aldiz.
Salto hartatik, sariketa eta txapelketak irabaztera. Eta, behin bederen, entzutera joan eta irabazi. Nola duk hori?
Lizardi sarian, Xabier Zeberiorekin entzutera joan eta kantatu nian behin. Sei izatekoak eta norbait falta zela eta kantatu nian. Eta niri eman zidatean edo irabazi nian. Beste behin ere irabazi nian Lizardi. Zaldibiako Artxanberri Saria ere bai, Durangon beste sariketa bat, 1982an izango zuan. Osinalde eta besteren batzuk ere bai.
Gai jartzaile, epaile, bertso irakasle… zer behar, han Mendizabal!
Gai jartzaile, epaile… ibilia nauk bai, baina gai jartzaile jardutea etorri egin zitzaidaan. Herrian bertsotan nenbilela bazekitean, eta norbaitek egin behar lan hori eta halaxe hasi ninduan. Beste zenbait herritan ere bai. Baina ez zuan nire ezaugarririk indartsuena eta etorri bezala joan zuan.
Epailetzan, berriz, Herri Arteko Txapelketan ibili gintuan. Bertsolari gazteen taldea osatu genian eta ekipoan aritu gintuan, baina ez dituk nire jardun gogokoenak izan.
Txapelketa Nagusian ere bitan finalista eta beste hainbestetan ateetan geratu…
Gero, 1989 eta 97an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian finalista izan ninduan. 97an aritu ninduan ondoena, (han zuan gaia txakurkumeena… “saldu nazazu baina ez nazazu hil…”). 1986koan, Xebastianek irabazi zuenean, zuek sartu zineten baina ni ez.
Han sentsazio fuertea zuan Sarasua eta… gazteak bazetozela tropelean.
Saioak ugari? Finalista izateak gauzak aldatuko zitian?
Saio kopuruaz sentitu diat gustura eta neure neurrian ibili naizela, betekadarik gabe; bestalde, talde polita osatzen genian eta ez zaukaat bertso saioetakoa karga izan denaren sentsaziorik edo aldapa gora, ezinean ibilitakorik… jendea ezagutu, parajeak, geografia, euskalkiak, zenbat lagunarte eder… Ondo konpontzen gintuan, ondo pasa diagu ez duk hala?
Nik zer erantsiko diat hik ez dakianik? Noski gustura ibili garela eta oroitzapen ederrak ditugula, bai horixe, baina zenbait saiotan, aldarte eskasa genuen egunean nahi bezala ezin erantzun gaiari eta larritasunak ere izaten genizkian batzuetan…
Goierritarrak ere gure talde naturala zuan.
Goierritarrak, lehenik elkartu gintuan, 1986. urte inguruan edo. Zaldibian hasi gintuan elkartzen Patxi Iraola zuan buru eta Lazkao Txiki, Florentino Goiburu, Euxebio Igartzabal, Xabier Zeberio, Juan Inazio Begiristain, Nikolas Zeberio, Altzo Txiki eta gu biok gintuan. IZ diskoetxearekin, Fernando Unsainena zela uste diat, disko bat egin genian goierritarrok eta argazkia ateratzen ari gintuan Zaldibiako zubi zaharrean. Argazkilari ezaguna oso (ez gaituk izenaz oroitzen), han ari zuan hi honago, bestea gerturatu e.a., eta Lazkao Txiki afaltzera joateko hitz emanda zegoan eta hala esan zioan: “Etaa zak argazki hori behingoatik. Earra hao hi korredorek esprinean harrapatzeko”…
Bertsolarien omenaldietan, Victoria Eugenian eta… kantatzen genian. Eta, batik bat, saio haiek dituk gogoan gelditu direnak. Eta baita, Joxerra Garziak aurkezten zuenean, Hitzetik Hortzera bertso programak antolatutako saioak ere: Lazkao Txikik ispiluari bota zizkion bertso gogoangarriak Liernin eta Elgoibarko San Pedron, mozorrotuta, kopletan Oesteko pelikula antzeztuz egindakoa ere, Euxebio Igartzabalek… “Bili eta Boloren balaren ihesi” bukatu zuenekoa.
Elkarrizketa osoa Bertsolari.eus webgunean.