Astelehenean hasiko dituzte San Inazio-Esteban Lasa ardatzeko obrak
Lau fasetan burutuko dira obrak; San Inazio kaletik hasiko dira. Ibilgailuen trafikoaren noranzkoan aldaketak izango dira. 18 hilabete iraungo dute lanek.
Beasaingo Udalak iragarri du astelehenean hasiko direla San Inazio-Esteban Lasa ardatza birgaitzeko lanak. Lau fasetan burutuko dituzte lanak. Zoladura, lorezaintza, asfalto eta argiteria lanez gain, kaleen oinarrian lan garrantzitsuak egingo dira, argi-indar, gas, ur hornidura eta saneamendu sarea berritu. Ondobidean, 18 hilabete iraungo dute lanek. Egoilarren etxebizitza, saltoki eta garajeetarako sarrera-irteerak eta zamalanetarako guneen erabilera ahalbidetuko dela jakinarazi du Udalak.
San Inazio kalearen mendebaldeko muturrean hasiko dira lanean, hau da, 13-19 zenbakien arteko tartea hartuko dute alde batean, eta 14 zenbakiari eta La Salle ikastetxearen aldeari dagokiona bestean. San Inazio kalea amaitzean, Esteban Lasa kalean jarraituko dute lanek. Bigarren fase horretan, ekialdeko muturretik hasiko dira, hau da, 6 zenbakiaren parean, non ibilgailuentzat norabide bikoitza berreskuratuko den. Hortik, Esteban Lasa kalearen ekialdeko muturreraino jarraituko dute lanek, 1 zenbakira iritsi arte.
Trafikoan aldaketak
Lanak amaituta, San Inazio kalea zeharkatzen duten ibilgailuei eragingo dien trafikoan aldaketa emango da. Egun, San Inazio kaletik Zaldizurretako biribilgunera irteteko derrigorrezkoa da Mendeurren kaleraino iristea.
Aldaketarekin, Erauskin kaleko 2 eta 9 zenbakien tarteak egun duen norabidea aldatuko da, eta behera egin ordez, gora egin beharko da.
Horrekin batera, Martina Maiz kalearen noranzkoa aldatu egingo da, eliza paretik pasa ondoren, Esteban Lasara jaitsiz, eta Ordiziara edota Zaldizurretako biribilgunera iristea ahalbidetuz. Halaber, Igartetxe kaleko eraikina inguratzen duen errepidearen noranzkoa ere aldatu egingo da.