Ixidro Sukia omenduko dute Idiazabalgo Gazta Azokan
Euskal Herriko eta kanpoko 23 gazta mota probatzeko aukera izango da. Bi egunetako egitarau oparoa antolatu dute maiatzaren 4an eta 5ean. Haritz Ganboaren eskutik larreetara igotzeko aukera.
Maiatzaren 3an eta 4an Idiazabalen egingo duten Gazta Azoka aurkezteko agerraldia egin dute gaur goizean, Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak eta Ander Barandiaran artzainak. Alberdik aurreratu duenez, Denboraldiko gazta berria dastatzeko lehen aukeretako bat eskainiko du Idiazabalgo azokak. Euskal Herriko eta atzerriko gazta motak probatzeko aukera izateaz gain, gaztarekin eta artzaintzarekin lotutako hainbat ekitaldi izango dira aukeren artean: «mamia egiteko saioa eta txapelketa, show cooking saioa edo gazta ketze erakustaldia», besteren artean. Show cooking erakustaldia Beasaingo Kaxolako Iker Markinez eta Tolosako Ama jatetxeko Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariek gidatuko dute.
Halaber, Aritz Ganboa artzainaren eskutik, larreetara igotzeko aukera izango da —maiatzaren 4an, 16:30ean—ganaduaren gobernatzea nola egiten den ikustera. Maiatzaren 5ean, gazta txapelketa herrikoia egingo da eta haur zein helduen ikusmira sortzen duen artaldearen pasea ere egingo da herriko kaleetan zehar.
30 postu jarriko dituzte
Alberdik gogorarazi duenez, Gazta Azoka 1998an egin zen lehenengoz, «Euskal Herriko artzainek egindako gazta sustatzeko helburuz, gaztagintzaren atzean dagoen lana eta kultura babestuz eta balioan jarriz». Azken urteetan euskal gaztak ez ezik, European Cheese Route (Europako Gaztaren Ibilbidea) osatzen duten nazioarteko gaztagileak ere gonbidatzen dituzte Idiazabalgo azokara.
Azokan, orotara 30 postua izango dira, horietako 17 Euskal Herriko gaztagileenak. «Idiazabal jatorri izendapenekoez gain, Ossau-Irati (Ipar Euskal Herria) izendapenekoak ere izango dira», zerrendatu du Alberdik. Beste sei postu Euskal Herritik kanpoko gaztagileenak izango dira: «Ripoll (Herrialde Katalanak), Casar de Caceres (Espainia), Mahon (Balear Uharteak), Serrada (Valladolid), Villaluenga del Rosario (Cadiz) eta Fundao (Portugal)». Gainontzeko zazpi postuetan edariak eskainiko dituzte: «Eltziegoko (Arabar Errioxa) bi ardogile, Getariako jatorri izendapeneko txakolina eta Euskal Herriko sagardoa eta garagardoa».
Merezitako omenaldia
Gazta Azokak Ixidro Sukia artzaina omenduko du. Barandiaranek azaldu duenez, «ataundarra jaiotzez, artzain familia bateko hirugarren belaunaldia da. 2019an hartu zuen erretiroa eta Iker semeari txanda eman zion».
Sukiak Lazkaoko Bordaberri gaztandegian gazta egiteaz gain, «Aralarko artzain historikoa» ere bada. Aralarko Doniturrieta Azpikoa txabolan «Mendiko Gazta mimoz» egin izan du. 2015ean Gaztaren Erregulartasun Kalitate saria jaso zuen Ordizian, Artzain Gazta elkarteko kide ere izan da, baina batez ere, «artzaintzarako eta gaztagintzarako duen bokazioa eta dedikazioa» azpimarratu ditu Barandiaranek gaurko aurkezpenean.
Egitaraua osorik ikusi dezakezu hemen.