Kultur aniztasuna eta bizikidetza
Zerainen gero eta kultura gehiagoko jendea bizi da. Hori horrela, bertakoen eta kanpotik etorritakoen arteko bizikidetza erraztu eta elkar ezagutzeko Kulturarteko I. topaketa antolatu du ZerainLab-ek, biharko.
ZerainLab herri txikiek aurrera begira dituzten erronkei heltzeko edo erantzuteko xedez sortu zen, besteak beste. Gizartea orokorrean, gero eta askotarikoagoa dela eta horrek Zerainen ere eragiten duela jakitun, kulturarteko lehenengo topaketa antolatu dute biharko. Zeraingo komunitateko parte diren, baina atzerriko jatorria duten lau norbanako eta familia gonbidatu dituzte topaketara. Helburua elkarren arteko zubiak eraikitzea da.
Arantzazu Muñoa ZerainLab-eko kideak arrazoitu ditu topaketa antolatzearen helburu nagusiak: «Zerainen bertan ere gero eta dibertsitate handiagoa dago, gero eta kultura gehiagotako jendea bizi da eta askotan gertatzen zaigu elkarren aldamenean gaudela, bizilagunak garela, espazioak partekatzen ditugula baina ez dugula elkar ezagutzen edo besteari buruz gutxi dakigula».
Kulturarteko lehenengo topaketa honen helburu nagusia Zerainen bizi edo Zeraingo egunerokoan parte hartzen duten eta kanpoko jatorria duten bizilagun hauek ezagutzera ematea da. Egoera ezberdinean dauden eta arrazoi ezberdinenagatik Zerainen bizi diren lau norbanako edo familia gonbidatu dituzte horretarako.
Kaan, Eliana, Huria…
Mutiloan bizi zen Kaan Gundogdu kurdua da horietako bat. Mutiloan bizi arren Zeraingo komunitateko kide dela ulertzen du Muñoak, «herrian asko egoten da eta bertako abesbatzan abesten du», dio. Unibertsitateko irakaslea da. Eliana Lopez mexikarra ere izango da bertan. «Elianak urte asko daramatza Zerainen bizitzen. Senarra bertakoa da eta bi haur dituzte», azaldu du Muñoak.
Zerainera iritsi berriak dira, bestetik, Huria Mohamed Salem sahararra eta haren familia, eta Ciamora Lagos eta Adolfo Davila senar-emazte nikaraguarrak. «Bi familiek haur txikiak dituzte eta Zeraingo eskolara eramango dituzte», zehaztu du Muñoak.
Topaketa pertsona eta familia hauen berri izateko baliatu nahi dute, «nolatan bukatu duten Zerainen eta nolakoa izan zen hona iritsi arteko prozesua. Beraien jatorrizko herrialdean egoera nolakoa den eta hemen daukaten bizimodutik asko bereizten den. Zaila al den gure gizartean lekua egitea edo herri txiki batean bizitzeak dituen onurak edo trabak azaltzea. Etorkizun hurbila nola irudikatzen duten jakitea ere gustatuko litzaiguke», zerrendatu dute ZerainLabetik.
Behin galdera-erantzunen tartea amaituta tertuliarako tartea zabalduko dute. Zeraindar guztiak daude bihar, 18:30ean kultur etxean egingo den topaketa honetarako gonbidatuta. Egoerak hala behartuta, gaztelaniaz izango dela aurreratu dute.