Lazkao, joan eta gustatzeko
San Prudentzio festetako sei egunak jarraian antolatuta, bihar lehertuko da jaia Lazkaon. Unidad Alavesa, Gatibu eta Gozategi ariko dira. Mozorrotuen eguna larunbatean dute.
Esaerari kontra eginez, nazkatzeko beldurrik ez da izango bihartik datorren asteazkenera arte Lazkaon. Gustagarri izateko asmotan, San Prudentzio jaiak ospatuko dituzte, aurten ekinaldi jarraitu bakarrean bilduta, eta ekitaldi ugariri kabida lehengo aste-bukaeran eman zieten arren. Udaberriko lehen jaiak erne dira Goierrin.
Bakuntza taldekoek botako dute hasierako suziria, bihar, eta atsedenik gabeko sei egunetan murgilduko dira lazkaotarrak.
Bikotekako 6. krosa izango da bihar. Lazkaoko kaleetan 5,1 kilometroko ibilbidearekin. Sexu bereizketarik gabe osa litezke bikoteak. Izen-ematea doan da. Aurreneko hiru bikoteek eta herriko lehenak jaso dute saria. Aurrez, 20:15ean, haurrentzat lau korrikalditxo hasiko dira.
Aurten ere bi txosna gune
Iaz bezala, aurtengo festetan ere bi txosna gune antolatu dituzte gazte erakundeek. Batetik, Lazkaoko Txosna Batzordearena egongo da, San Prudentzio ikastolaren aurrean. Bestetik, Mugimendu Sozialistaren txosna skate parkean kokatuko dute. Bakoitzak bere egitarau osatu du.
Lazkaoko Txosnan Unidad Alavesa taldeak kontzertua egingo du, bihar gauean, Motoki, zakurreki, egurreki laugarren diskoa aurkezteko biran. Egunero izango dira musika emanaldiak han; igandean, adibidez, Leire Agirre lazkaotarrak eta Uxue Kerejeta zumarragarrak kantaldi akustiko bana emango dute. Estreinaldia dutenak DJ Oihana Begana hirukotea da; astelehenean joko du Nahia Artzak, Malen Urretabizkaiak eta Aitzol Sarriegik osatutako disko jartzaile taldeak bere lehen emanaldia.
Unidad Alavesak bihar joko du. Gatibu eta Gozategi dira beste talde izarrak
Mugimendu Sozialistaren gunean ere lau egunetan izango da musika. Artisau garagardo dastaketa, mus txapelketa eta herri kirol ikuskizuna ere jarri dituzte.
Festa Batzordearen egitarau nagusiko musika eskaintzari dagokionez, Gatibu da aurtengo talde izarra, larunbat gaueko agertokia hartuko duena. Kuadrillen egunean Gozategik joko du plazan, eta biharko lehen gauean herriko hiru taldek.
Larunbatean mozorrotuen eguna ospatu ondoren, San Prudentzio zaindariarena igandean da, umeena astelehenean eta kuadrillena asteartean. Buruhandi eta Erraldoi Konpartsak, bere aldetik, jaietan lehen aldiz zezen suzkoak aterako ditu, bi gautan.
Txirrindulariak, trukatuta
Kirolari dagokionez, txirrindulari probak aldaketa bat jasango du. Afizionatu mailako lasterketa ez da festetan jokatuko, ohitura den bezala. Horren ordez, junior mailako Lazkaomendiko Proba jarri dute etziko. Hasiera eta helmuga Lazkaoko plazan izango ditu, izena Lazkaomendikoa mantendu arren. Trukean, Lazkaoko Proba maiatzaren 4an jokatuko da, eta hura bai, Lazkaomendi gainean amaituko da, auzoko jaietan.
Txirrindulari probak dataz eta lekuz trukatu dituzte. Etzi juniorrak ariko dira
Lazkaoratutako Lazkaomendiko 48. Proba zapatuan 09:00etan hasiko da, 103 kilometroko ibilbidearekin. Alegiara joan-etorria egin, Zaldibiatik gora Larraitz igo, hurrengo biran Gaintzara, eta berriro Alegiaraino jaitsi ondoren, gorakoan Zaldibiako Lazkaomendi mendatea igota, Lazkaoko kalean amaituko dute juniorrek, 11:30 aldera.
Urrezko Aizkora eta pilota dira beste kirol ikuskizunak, xake, toka eta krosarekin batera.
Ikastolan afariak
San Benito ikastolak afariak zerbitzatuko ditu, jai hauetan zehar gauero. San Prudentzio eskola-eraikineko jolastoki estalian egokituko dute jantokia. Ostiraletik asteartera, egunero zabalduko dute, afariak emateko.
Azki emakume elkarteak erakusketa jarriko du, apirilaren 26tik maiatzaren 1era. Elkarteko kideek egindako eskulanak, hari-lanak eta bestelako sorkuntzak ikusi ahalko dira, kultur etxeko aretoan, 12:00-14:00 eta 19:00-21:00 bitarteetan.
Lazkaoko Kantaka abesbatzak kontzertu berezia prestatu du jaietarako. Maiatzaren 1ean egingo dute, San Prudentzio ermitan, 12:00etan. Euskal musikagileen obrekin osatu dute zerrenda. Javier Alberdik zuzenduko du Kantaka, eta pianoan Arantxa Gastesi ariko da.
Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak obra klasikoak birmoldatzeko ‘Euskal kanta berriak’ ekimenean oinarritu dute emanaldia. Hala, Xabier Sarasola, Josu Elberdin eta Eva Ugalde garaikideen moldaketekin aireratuko dituzte 9 kantu.
Festa kutsua eta aldarrikapen ukitua nahastuko dituzte. Euskal abesti klasiko berrituez gain, Bella Ciao eta Cohenen Halleluja ere abestuko dituzte. Lazkao maitea ereserkiarekin bukatuko dute kontzertua.