«Asko ari naiz gozatzen Munduko Kopan parte hartzeko aukeraz»
Mendi lasterketetako Munduko Kopan ondo sentitzen ari da Urrestarazu. Jokatu diren bi lasterketetan bikain aritu da, eta behin-behineko liderra da sailkapen nagusian.
2021ean, beste hamasei korrikalarirekin batera, euskal selekzioa uzteko erabakia hartu zuen Lide Urrestarazuk (Ordizia, Gipuzkoa, 1999); Euskal Mendi Federazioko zuzendaritza berriak hartutako erabaki batzuen ondorioz izan zen. Bi urtez Munduko Kopako probarik jokatu gabe egon den arren, itzuli bezain laster betidanik izan duen maila erakusten hasi da berriro ere. Gozatu egiten du mendiko lasterketez hizketan. Hitz errazekoa da.
Bikain hasi duzu denboraldia.
Egia esan, nahiko indartsu ikusten dut neure burua. Aurten, gainera, ikasketak amaituta eta lanean hasita, nabaritu dut denbora gehiago dudala entrenatzeko. Azken urteetan, urtarrilera arte beti azterketetan egoten nintzen murgilduta, eta, azkenerako, urtarrila edo otsaila izaten zen sasoian jartzen nintzenerako. Irailetik lanean nagoenez, aurten gorputzaldi hobeagoarekin nago, eta lehenago hartu dut sasoia.
Herriko maratoi erdian korritu zenuen estreinako lasterketa, otsailean. Nola sentitu zinen?
Herrian bertan jokatuta, ezin nuen hutsik egin! Emakumezkoen proban nahiko maila handia egon zen. Besteak beste, Onditz Iturbe eta Ainhoa Sanz lehiatu ziren. Korrika asko egiteko lasterketa bat izan zen, desnibel handiegirik gabekoa, baina oso azkarra. Iturbek irabazi zuen, eta, egia esan, lasterketa guztian ez nuen ikusi ere egin. Nahiz eta indartsu sentitu nintzen. Hain lasterketa azkarra izateko, eroso ikusi nuen neure burua. Hori bai, hurrengo astean izugarrizko hankako minarekin ibili nintzen [barrezka]. Handik hilabetera, Acantilados del Norte lasterketan [La Palma, Espainia] lehiatu nintzen, Munduko Kopako lehen proban.
Denboraldi hasierari begira, ba al zenuen egutegi zehatzik buruan?
Ez. Banekien gutxi gorabehera etxe inguruan zer lasterketa korritu nahi nituen, baina ez neukan ezer zehaztuta. Ordiziako maratoi erdiaren ondoren jaso nuen Munduko Koparako gonbidapena. Hasieran, lehen bi lasterketetan parte hartzeko aukera eman zidaten, eta ondoren etorri dira aukera gehiago. Horien arabera, gerora joan naiz denboraldia antolatuz.
Bi urte kanpoan egon eta gero, berriro ere euskal selekzioarekin lehiatzeko hautua egin duzu. Nolatan?
2021ean, Euskal Mendi Federazioko zuzendaritza berriak hartutako erabaki batzuekin ados ez geundela-eta, korrikalariok selekzioarekin ez lehiatzeko hautua egin genuen. Momentuan erabakiak indarra izan zezan, eta aldaketaren bat lortzeko asmoz, garrantzitsua iruditzen zitzaidan selekzioarekin ez lehiatzea. Azken bi urte hauetan hala izan da. Baina ikusita denbora aurrera joan dela eta aldaketarik ez zela egongo, iazko denboraldiaren amaieran hasi nintzen buruari bueltaka.
Asko pentsatu behar izan duzu erabakia?
Bai, buelta dezente eman dizkiot gaiari. Neure buruarekin koherente izan nahi nuen, eta hartutako erabakiarekin seguru sentitu. Esan bezala, bi urtetan ezezkoa eman ostean, iaz, jada hasi nintzen erabakia hausnartzen. Oraindik gaztea naiz, ilusioz eta gogoz nintzen horrelako esperientzia bat bizitzeko, eta, orain bi urte izandako desadostasunetatik harago, Munduko Kopan Euskal Herria ordezkatzea gauza polita da. Gainera, oso giro ona dugu hautatzaileen eta korrikalarion artean.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.