Zegaman lehen xendazaletasun foroa egiten ari dira
Xendazaletasun eta turismo alorreko berrogei agente baino gehiago elkartu dira Anduetza parketxean. Propio aukeratu dute Zegama lehen topaketako egiteko, "altxor" bat delako
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen xendazaletasun foroa Zegaman egiten ari dira, goiz osoan zehar. Propio aukeratu dute Goierri aurreneko topaketa egiteko, Daniel Solana Basquetourreko Zuzendari Nagusiak esan duenez “altxor” bat delako. Azahara Dominguez Gipuzkoako Turismo Diputatuak ere goraipatu egin du Zegama: “topaketa hau egiteko leku aproposagorik ez dago”. Iker Zubeldia herriko alkateak esker oneko hitzak izan ditu, eta “ingurua basoak eta artzaintzak sortu dutenez, naturarekin lortura duen turismorako oso aproposa” dela azpimarratu du.
09:30ean hasi da jardunaldia. Anduetza parketxean elkartu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako xendazaletasun eta turismo alorreko berrogei agente baino gehiago: tartean, agintari politikoak, teknikariak, natur espazioen kudeatzaileak, turismoari eta xendazaletasunari lotutako enpresetako ordezkariak, Aktiba elkarteko kideak, Atraeko ordezkariak, Nekaturrekoak, Apitekoak… Txiki gelditu da sala.
Goiz osoan zehar, sektorearen inguruan hausnartuko dute: lehen zatian, atal teorikoa jorratuko dute, non Basquetourrek egindako garapena eta sustapena testuinguruan kokatuko den. Gainera, bi kolaboratzaile adituk hurbilketa labur bat eskainiko dute helmuga batek mendi-ibiliak ahalik eta ondoen garatzeko izan behar dituen oinarrizko kontzeptuei buruz; bigarren atalean, aurreko asteetan bertaratuek landutako inkesta batzuen emaitzekin, lan-dinamiketara bideratuta egingo da. Lanketa honetan mendi-ibiliak turismo-produktu bihurtzeari eta sektorearen errealitatea eta beharrak ulertzeari buruzko alderdiak jorratuko dira. Helburua da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mendi-ibilien diagnostikoa eta erradiografia lortzea eta jardueraren potentziala eta sektorearen interesa ezagutzea, segmentu honetan turismoa sustatzeko estrategia zehaztu ahal izateko. Zegamatik xendazaletasun-turismoaren garapenerako bide-orri batekin atera nahi dute, beste bi natura-segmentuetan egin den bezala: zikloturismoa eta ekoturismoa.
Solanak baldintza bat jarri du: “etorkizuneko turismo eredua errespetuzkoa izan behar da. Lan-baldintzak errespetatu behar ditu, ingurumena, baina bereziki, egoiliarra. Etorkizuneko turismo ereduak egoiliarra eduki behar du erdigunean”. Dominguezek ere turismo jasangarriaren alde egin du. Masifikazioa ekiditeko sasoikotasunaren kontra eta deslokalizazioaren alde lanean ari direla aipatu du eta, hor, naturari eta xendazaletasuni lotutako turismoak edukiko duen eragina goraipatu du. Gainera, biek nabarmendu dute turismo mota honek dakartzan turistek inguruarekin kontzientzia handia dutela eta onura gehiago dakartzatela kaltea baino.
Gastro-xenda
Solanak are aurrerago ere eraman ditu ideiak, eta gastronomia-turismoa eta xendazaletasun-turismoa uztartzeko aukerak badaudela aipatu du. Naturan ibili ostean, Zegamak eta Goierrik jateko eta indarrak berreskuratzeko dituzte aukera zabala azpimarratu ditu. GR 283 Idiazabal Gaztaren Ibilbidea aipatu du, adibidez.