Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat sinatu dute "Aralarko jardueren zaintza eta kudeaketa hobetzeko"
Sinatutako dokumentuak "bi erakundeen arteko adostasuna lortzeko borondate sendoa adierazten" duela nabarmendu dute Xabier Arrutik eta Adur Ezenarrok.
Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat sinatu dute gaur “Aralar mendiaren eta bertako jardueren zaintza eta kudeaketa hobetzeko helburuarekin”. Akordio horren bidez, “orain arte egin diren urratsak sendotu eta areagotu” nahi dituzte bi aldeek, eta datozen hilabeteetan zer alderditan esku hartu behar duten finkatuko dute, “legealdi osorako harremana sendotzeko”.
Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta Enirio-Aralar Mankomunitateko presidenteak eta Xabier Arrutik Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak sinatu dute gaur goizean akordiorako dokumentua Ordiziako udaletxean. Haien ondoan, Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Orekako zuzendaria, eta Mikel Arteaga Amezketako alkatea eta Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariordea izan dira.
300.000 euroko inbertsioa
Dokumentu horren arabera, bi aldeek 300.000 euro inbertituko dituzte Aralarren, eta eremu ezberdinetan garatuko direnak: Larreak, basoak eta beste habitat batzuk hobetzea; sentsibilizazio ekintzak egitea; bideen konponketak; txabolak lehengoratzea eta eraikitzea; eta beste azpiegitura batzuk hobetzea.
Foru Aldundiak 211.00 euro bideratu ditu Goilarre programatik (Gipuzkoako mendi publikoetako larreetan hobekuntzak garatzeko programa) eta Enirio-Aralar mankomunitateak 85.000 euroko partida jarriko du.
2019tik blokeatutako harremanei berrekin
2024-2027 agintaldirako akordioa da sinatu dutena, eta mendiaren eta zaintzaren kudeaketa hobetzeko lorpena ardatz duela nabarmendu dute: “Bi erakundeen arteko adostasuna lortzeko borondate sendoa adierazten du”. Hori gauzatu ahal izateko, dokumentuak hiru hilabeteko negoziazioa hasteko beharra ezartzen du, 2024ko uztailaren 31ra arte. “Negoziazio horren ardatzak, gutxienez, hiru alderdi estrategiko izango ditu bi aldeentzat: xehaketa eremuak, bideak eta finantziazio eredua”.
Sinatutako akordioa bi erakundeetako ordezkariek legealdi berrian hasitako lan dinamikaren “lehen emaitza” dela adierazi dute. 2019. urtetik blokeatuta dauden harremanei berriz heldu nahi diete, datozen hiru urteetan “bi aldeek zonaldean egin beharreko hobekuntzak bermatu eta finkatuko dituzten itun irmoak lortzeko”. Zentzu horretan, bi erakundeak “pozik” agertu dira hilabete hauetan “egindako aurrerapenengatik eta elkarrizketarako azaldutako jarreragatik”.
“Elkarlanaren bidean urrats berri bat”
Adur Ezenarrok nabarmendu du sinatutako aurre-akordio horrek “bi erakundeen arteko elkarlanaren arteko bidean urrats berri bat ematea” dakarrela, eta “norabide horretan aurrera jarraitzeko hauspoa”.
Era berean, aipatu du Enirio-Aralar Mankomunitateak hartzen dituen konpromiso ekonomikoak Zuzendaritza Batzordera eramango den 2024ko aurrekontu proposamenean onartu beharko direla, “mankomunitateari dagozkion 85.000 euro inguruko inbertsioetarako partida bertan jasotzen delako”.
Mankomunitateko lehendakariak “bereziki eskertu” nahi izan die Enirio-Aralar osatzen duten 15 udalerriei aurreko legealdian zehar hartutako konpromiso ekonomikoak, “inbertsioetarako ekarpenak urtez urte handituz”. Mankomunitateak aldundiarekin “ardura partekatzeko hartutako erabaki irmoa” ere nabarmendu du.
“Gure gizarteari eta bereziki Aralarko abeltzainei zor diegu”
Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik adierazi du bi aldeek “zintzotasun osoz” hasi duten dinamika baten lehen urratsa dela sinatutako akordioa. “Gure gizarteari eta bereziki Aralarko gure abeltzainei zor diegu elkarren arteko adostasun batera iristea”.
Arrutik espero du “legealdi honetan jasoko dugun fruituetako lehena izatea gaurko akordioa”, eta konfiantza osoa erakutsi du datozen hiru hilabeteetan mahai gainean jarri diren hiru ardatz estrategikoen inguruan eztabaidatu eta adostasuna lortu ahal izango dela. “Izan ere, ardatz horiek Aralarren funtzionamendu egokia eta kudeaketaren aurrerapena baldintzatuko dute. Funtsezkoa da aurrera egin ahal izateko eta inguruko premiei erantzuteko, eta horretan lan egingo dugu gure abeltzainen, gure gizartearen eta gure lurralde oreka berdearen ongizatea bermatzeko”
Bi erakundeek sinatutako akordioa Enirio-Aralar Mankomunitatearen zuzendaritzara eramango dute, eta abeltzainekin ere partekatuko dute Goilarre programaren dinamikari jarraituz.
EUSKO JAURLARITZAREN 2022KO DIRU-LAGUNTZEKIN EGINGO DIRENAK
- Basoak. Otaldiko landaketa: 3.500€; Bilingaratzeko landaketa: 3.500€; Itxiturak eraiki eta kendu: 9.000 €; Sastarrin zuhaitzak kentzea: 5.000 €.
- Larreak. Sei uraska: 40.000 €.
- Beste habitatak. Leize garbiketa: 3.000 €; hezeguneen itxiturak: 5.000 €; saguzarren babes kutxak: 1.500 €.
- Sentsibilizazioa. Panelak: 5.000 €; webgunea: 500 €.
- Garraioak. Hainbat: 9.000 €.
ALDUNDIAREN LAGUNTZAREKIN EGINGO DIRENAK
- Txabolak. Enirio txabola lehen fasea: 87.000 €; Etizegiko txabola konpondu: 45.000 €; Zotaleta I, II eta Ezkizubarren: 8.000 €; Elutsetako eskortak: 4.000 €; Txabolak argiztatu: 8.000 €.
- Besteak. Pisten konponketak: 80.600 €; ur hodiak: 7.000 €.
- Larreak. Garbiketak: 56.000 €.