Gabirian irabazi duen Maider Arregi, puntu gehien bildu duen asteko bertsolaria
Eneko Araiztegi segurarrak bigarren egin zuen Zestoako saioan. Aste honetan bi saio jokatuko dira Goierrin: ostegunean Zaldibian eta ostiralean Legorretan. Bost goierritarrek kantatuko dute.
Gipuzkoa Bertsotan saio banarekin itzuliko da Zaldibiara eta Legorretara. Bost bertsolari goierritar sartuko dira lehian aste honetan. Zaldibiako saioa ostegunean jokatuko da (19:00etan, Herri Antzokian), eta Legorretakoa etzi ostiralean (19:00etan, Herri Antzokian). Lehiaketako abaila bizia hartuko du Gipuzkoa Bertsotan kanporaketa faseak, bertsolari gehientsuenak lehen saioa kantatuta edo kantatzera iritsiko direlako.
Lehengo astean hasi zen Gipuzkoa Bertsotan. Gabiriako eliza alboko aretoa entzulez bete zen, ostiral iluntzean, B multzoko kanporaketa entzuteko. Irati Sanchez de Arevalo zumarragarra gai jartzaile zela, orain arteko hiru saioetako puntuazio handiena atera zuen Maider Arregi oñatiarrak (360,5 puntu), saioa irabazteko.
Duela gutxi Osinalde sariketan ere bigarren geratu zen Aitor Tatiegi –oñatiarra hura ere– gelditu zen puntutan bigarren (321,5). Hurrena, hogei urte pasako etenaren ondoren txapelketan berragertu den Uxue Fernandez urretxuarra hirugarren (313,5), Aitor Zubikarai oso hur (313) zuela laugarren tokian. Andoni Mujika (307) eta Urko Egaña (298) ziren seikoan beste bi partaideak.
Epaile lanetan Leire Beloki, Maite Sukia, Mikel Lersundi eta Unai Muniain aritu ziren, eta epaimahaiko idazkari Oier Iurramendi. Bukatutakoan, eliz atarian, mokadu bat zerbitzatu zuten entzuleentzat, bertso eskolen espirituari keinu egin nahi baitio Gipuzkoa Bertsotan 2024 lehiaketak.
Maider Arregi zortziko handiko ariketan puntuatuena izan zen, eta zortziko txikian Aitor Tatiegirekin berdinduta geratu zen, baina lehenengo postuan ariketa horretan ere. Ganbarakoan atera zuen alde handiena; Aitor Zubikarai izan zen bigarren puntuatuena ganbaran. Hamarreko txikian ere Arregi geratu zen puntutan lehena.
Sailkapena Gabirian (2024-4-26, ostirala):
1.- Maider Arregi Markuleta, 360,5 puntu
2.- Aitor Tatiegi Loidi, 321,5 puntu
3.- Uxue Fernandez Lasa, 313,5 puntu
4.- Aitor Zubikarai Salegi, 313 puntu
5.- Andoni Mujika Izagirre, 307 puntu
6.- Urko Egaña Calderon, 298 puntu
Puntuak ariketaka:
8H |
8T |
ganbara |
10T |
Guztira |
|
---|---|---|---|---|---|
82.50 |
79.50 |
117.00 |
81.50 |
360.50 |
|
77.50 |
79.50 |
88.50 |
76.00 |
321.50 |
|
75.50 |
73.00 |
94.00 |
71.00 |
313.50 |
|
70.50 |
65.50 |
102.50 |
74.50 |
313.00 |
|
69.00 |
71.50 |
97.00 |
69.50 |
307.00 |
|
72.00 |
65.00 |
90.00 |
71.00 |
298.00 |
Goierritar gehiago oholtzetan
Eskualdean jokatu den aurreneko saioaz gain, lehiaketaren estreinaldi-astean beste bi goierritarrek ere ekin zioten lanari. Eskoriatzan, lehengo osteguneko aurreneko saioan, Antton Fernandez urretxuarra bosgarrena izan zen, 299,5 punturekin –zortzik kantatu zuten–. Libe Goenagak irabazi zuen (330).
Ostiraleko bigarren saioan, Zestoan, Eneko Araiztegi Korta segurarrak parte hartu zuen, eta lan dotorea osatuta bigarren geratu zen (329,5), Haizea Arana irabazlearengandik gertu (333).
Lehen itzuliko sailkapena Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen webgune honetan kontsulta daiteke.
Gipuzkoa Bertsotanek saio bikoitza izango du bailaran, aste honetan. Ostegunean Zaldibian eta etzi Legorretan jokatuko dira B multzoko saio bana. Bai Legorretan, bai Altzon zein Orion, bost goierritar ariko dira kantuan.
Asteko saioak
Goierritarren saioak
- Mikel Etxezarreta. Olaberritarrak estreinaldia du txapelketan. Altzoko kultur etxean ariko da, ostegunean 19:00etan.
- Ane Beloki. Orion ariko da legazpiarra, ostiralean 19:00etan, Arraunetxean.
- Aratz Igartzabal. Gabiriarra ere Orion, ostiralean.
- Gorka Maiz. Gabiriarra Legorretan sartuko da lehian, ostiralean 19:00etan, antzokian.
- Maialen Akizu. Urretxuarra ere Legorretan, ostiralean.
Goierriko saioak
- Zaldibia. Osteguna, maiatzak 2, 19:00etan, Herri Antzokian. B Multzoko saioa.
Bertsolariak: Aitor Salegi (Zestoa), Ander Zulaika (Itziar), Antton Aizpurua (Deba), Irati Arakistain (Zumaia), Manu Goiogana (Irun), Uxue Alkorta (Zarautz).
Aurkezlea: Saroi Jauregi. - Legorreta. Ostiralean, maiatzak 3, 19:00etan, Herri Antzokian. B Multzoko saioa.
Bertsolariak: Ane Zuazubiskar (Arrasate), Beñat Zeberio (Asteasu), Gorka Maiz (Gabiria), Maialen Akizu (Urretxu), Naia Arrizabalaga eta Unai Izagirre (Azkoitia).
Aurkezlea. Imanol Artola ‘Felix’.
Gabiriako saioko argazkiak (iturria: Bertsozale Elkartea).