Goi tentsioko lineen proiektuak Iruñean errefusatu dituzte berriro goierritarrek
REE eta Forestalia enpresek Nafarroa eta Goierri lotzeko eraiki nahi dituzten tentsio oso altuko linea berrien mehatxuaz ohartarazi dute. Hainbat arlotan eta eremutan eragingo lituzketen kalteengatik, udalek adierazpen bat sinatu dute.
Goierriko ordezkaritza oparoa izan zen larunbat eguerdian Iruñean, Autopista Elektrikorik Ez plataformak deituta goi tentsioko linea berrien proiektuen aurkako elkarretaratzean. Autobusak antolatu zituzten eskualdetik hara joateko, eta ehun-bat goierritar izan ziren Gaztelu plazako protesta-ekitaldian, Natura, ohitura, kultura. Herriak bizirik goi tentsioko lineen aurrean lelopean.
Forestalia eta REE Red Electrica de España enpresek aurkeztuta dauzkaten 400.000 volteko Nafarroa-Goierri arteko lineei errefusa adierazi diete, beste behin. 17 urte dira lehen aldiz aurkeztu zituztenetik, eta kontrakotasun herrikoiagatik eta 14.000 herritarren helegiterengadik proiektu bat baino gehiago gerarazi edo aldarazi dituzte.
Orain, behin berriro, beste egitasmo batzuen mehatxua dagoela salatu dute lineak pasatuko liratekeen udalerrietako agintariek, herritarrek eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako ordezkariek.
Udalen adierazpena
Mahai gainean dauden proiektuek eragingo liekeen 24 udalerrik onartu dute goi tentsioko lineen aurkako mozioa. Tartean Goierriko hainbat udalerri daude. Alkateen adierazpena irakurri zuten, besteak beste, Idiazabalgo Iñaki Alberdi, Gabiriako Endika Igartzabal eta Mutiloako Iñaki Ugalde alkateek.
Goi tentsioak ingurumenean, paisaian eta herritarren osasunean sortuko dituen kalteez ohartarazi dute, lurralde antolamendurako arazoez gainera. “Manifestu hau sinatzen dugun goi tentsioko lineen proiektuek eragindako udalerrietako alkateok, gure herrien etorkizuna defendatzeko borondatea berresten dugu, eta herri bizietan bizitza duin baten aldeko apustua egiten dugu”, adierazi dute alkateek.
Red Electrica de Españak Itsaso – Castejon/Muru Artederreta goi tentsioko linearen proiektua aurkeztu zuela 13 urte dira, eta haren asmoei Forestalia enpresaren Kyoko eta Tebe proiektuak batu zaizkio orain. “REEk 92 kilometroko autobide elektriko handi bat marrazten zuen Barasoain eta Gabiria artean, 80 metro arteko 431 dorretan zehar Nafarroa ekialdetik mendebaldera zeharkatuz, Goierrira iritsi arte. Tramitazio irregularra egin ondoren, non justifikazioa eta helburuak aldatuz joan diren, Ministerioak administrazio baimenak ematea erabaki du, nahiz eta proiektu horien eragina kritikoa eta onartezina izan. Izan ere, inpaktu adierazpenek proiektu batetik bestera igortzen dute, haien afekzioak integratu gabe, eta legez kanpokoa da, jendaurrean jarritako dokumentuetan funtsezko akatsak daudelako”, argitu dute aurka dauden eragileek eta udalek.
Arrazoi ugarirengatik, helegiteak aurkezteko asmoz
Egoera horri aurre egiteko, Espainiako Gobernuaren ebazpen horien aurka errekurtsoak sartuko dituzte udalek, “paisaian, ingurumenean edo herritarren osasunean dituzten eraginengatik, justifikazio nahikorik ez izateagatik, lurralde plangintzarekin eta gure herrien etorkizuneko garapen aurreikuspenekin bateraezinak izateagatik, eta produkzio-sarean, turismoan edo lehen sektorean eragin izugarria izateagatik”.
“Aurrekaririk gabeko erasoa” dela diote toki erakundeek, eta herritarren batasunaren deialdia egin dute, “gardentasuna, konfiantza, elkartasuna eta irizpide eta jarduera independentzia oinarri hartuta. Hauek izan dira orain arte gure nortasun ezaugarriak, eta aurrera begira ere horrela izaten jarraituko dute. Ez gatoz esku hutsik, plataforma bateratutik beti planteatu ditugu alternatiba egingarriak, eta udalek eta kontzejuek urtetan egindako lanari esker, proiektuetan futsezko hobekuntzak sartzea lortu dugu. Baina, edonola ere, ez dira nahikoak”.
Orain arteko proiektuen aurka hainbat ekimen gauzatu dituzte, urtetan: “Mobilizazio ugari, itzalaldi masiboak, herri kontsultak, edo 14.000 alegazio aurkeztu dituen oposizio soziala nabarmendu eta balioan jarri nahi dugu, baita tokiko erakundeak buru izan dituena ere: 216 mozio onartu eta 172 alkatek proiektuak bertan behera uzteko eskaera babestu baitute”.
Aldundiei eta autonomi erakundeei babes eskaera
Goragoko erakundeei ere “babesa” eskatu diete udalek, tokiko erakundeek ordezkatzen duten “gehiengoaren” eskubideen alde lerrokatu daitezen. “Foru eta autonomi erakundeei eskatzen diegu berriz ere gure ordezkaritzak ematen digun gehiengoaren alde jar daitezela, planteatzen zaigun erronkaren mailako jarduera serio eta irmoekin. Gure herritarren bizi kalitatea defendatuko duen eskubidea eta betebeharra aldarrikatzen ditugu, bai eta gure natura ondarea ere, zeharkatzen dituzten eskualdeen beharretatik kanpoko eredu eta interesei erantzuten dieten proiektuen aurrean. Ezin gara geldirik egon gure lurraldearen sakrifizioaren aurrean, energia negozioaren eredu aldaketaren mesedetan, energia berriztagarrien garapenaz mozorrotuta”.
“Herri bizien alde”, goi tentsioko linea gehiago jartzerik ezin dela onartu azaldu dute udalek.
Autopista Elektrikorik Ez plataformaren izenean, Alberto Frias abokatu eta bozemaileak azaldu du legezko errekurtso ezartze eta bide guztiak jorratzen jarraituko dutela, nahiz eta aitortu duen urtetako “Daviden eta Goliaten arteko borroka desorekatua” nekea ere eragiten ari dela jada herri mugimenduetan eta plataformetan. Borrokan jarraitzera deitu du, “bide legalarekin bakarrik ezingo delako proiektuak geldiarazi”. Kontrakotasunaren bide luzean egindako ibilbideak, ikasitakoak eta esperientziak balioko duela gehitu du.
Iruñeko protesta ekitaldian, alkateez gain, herritarrek ere parte hartu zuten. Goierriren kasuan, Gabiriako dantzariak, bertsolariak eta txistulariak ere izan ziren.