Aizkora eta harrijasotze lehia, Urrezko Aizkoran
Gizonezkoen banakako kanporaketa eta emakumeen binakakoa jokatu dira, aizkoran. Harri jasotzen, Juan Iguaranen Oroimeneko txapelketaren lehenengo jardunaldia izan da.
Lazkaoko plazako frontoian, Urrezko Aizkolariak txapelketako jardunaldia izan da, gaur eguerdian. 24 kirolarik parte hartu dute, neska eta mutil, izan aizkolari, izan harrijasotzaile. Gaur hasi da Juan Iguaranen Oroimeneko harrijasotze txapelketa ere.
Urrezko Aizkolarietan, gizonezkoen banakako Eusko Label Sariko kanporaketa izan da. Hamabi aizkolari lehiatu dira, bina kanaerdiko enborrera eta hiru laguneko txandetan bereizita; tartean Xabier Zaldua zumarragarra –lehen txandan geratu da kanpora, epaia estututa eta aizkora puskatuta–.
Txanda bakoitzeko lehenbiziko aizkolari sailkatua hurrengo kanporaketara zuzenean igaro da; bigarrenak eguneko beste bigarren batekin jokatu du txartela, beste txanda batean buruz buru; eta hirugarrena zuzenean kaleratuta geratu da.
Hurrengo kanporaketarako txartelak Ibai Soroak, Txomin Amundarainek, Ioritz Gisasola Zelai IV.a-k, Ugaitz Mugertzak, Oier Kañamares IV.ak eta Suharri Rodriguezek lortu dituzte. Kanpora geratu dira, aldiz, Julen Kañamares III.a, Xuban Kañamares IV.a, Julen Gabilondo, Julen Larrea III.a, Eneko Otaño eta Xabier Zaldua.
Emakumeen binakako txapelketan, Zelai III.a-Perez, Antsorregi-Sorondo, Orbe-Sousa eta Astondoa-Ariztegi bikoteak lehiatu dira. Bakarka, binaka txanda librean eta txandarik gabe aritu dira ebaketan.
Antsorregi-Sorondo bikoteak irabazi du Lazkaoko ekinaldian (8:39), eta bigarren Zelai III.a-Perez geratu dira (10:36).
Harrijasotze txapelketaren hasiera
Iguaranen omenezko harrijasotze txapelketak bost jardunaldi izango ditu, eta lehena Lazkaon izan da, Imanol Royo Lartain-en eta Mikel Lopetegi Urra-ren artean. Beste saioak Getarian, Arespalditzan, Etxebarrian –Gari Garmendia idiazabaldarra partaide– eta Okondon dira, bina harrijasotzaile buruz buru lehian direla.
Bitxikeria modura, 1962ko otsailaren 25ean Juan Iguaranek berak eta Martin Lizeagak egindako apustuan erabilitako harri berberak altxatu dituzte Urrak eta Lartainek. Gaur goizean pisatu dituzte berriro bi harriak; Lizeagarenak 124,8 kilo pisatu du (duela 62 urte baino 200 gramo gutxiago), eta Iguaranenak 127 kilo (bi kilo gehiago). Orduan, 103na altxalditara berdindu zuten apustuan, 10 minutuko bi txandatan.
Lartainek 32 altxaldi eman dizkie bi harriei denera (16 eta 16), bina minutuko bi txandatan. Urrak 45 aldiz jaso ditu (22 eta 23).
Maddi Gesalaga zarauztarrak, 15 urterekin (ekainaren 7an beteko ditu 16), marka jartze ahalegina egin du. 112,5 kiloko zilindro zaharrarekin eta 100 kiloko kubikoarekin aritu da, bost minutuko saio bakarrean. Kubikoari baleko altxaldi bat eman dio (epaileak beste bi baliogabetu dizkio, horietatik aurrenekoa zalantzazkoa), eta laukizuzenari lau. Denera 5 jasoaldirekin, marka ipinita utzi du.
Lierni Osa zarauztarrak ere harriarekin erakustaldiak egin ditu.
Argazkiak: Aimar Maiz Morea