Daniel Caviak irabazi du Legazpiko Santikutz klasikoa
Gari Ugarte legazpiarra izan da lehen goierritarra.
Gaur goizean Santikutz klasikoaren 90. edizioa egin dute Legazpin. Cortizo taldeko Daniel Cavia (Valladolid, Espainia) nagusitu da. Bigarren postuan Caja Rural-Alea taldeko Jan Castellon sailkatu da eta hirugarrenean Brocar-Rali-Ale taldeko Alvaro Sagrado. Lehen euskalduna Finisher-Kern Pharma taldeko Haimar Etxeberria izan da, laugarren postuan. Laboral Kutxa taldeko Gari Ugarte legazpiarra 38. postuan heldu da. Bera izan da lehen goierritarra. Tarteko helmugen sailkapena Gomur Cantabria Infinita taldeko Samuel Fernandezek irabazi du eta mendikoa Caja Rural-Alea taldeko Javier Ibañezek. Taldekako sailkapena Alex Diaz urretxuarraren Caja Rural-Alea taldeak irabazi du. Hala, Diaz podiumera igo da.
Lasterketa Gabiriako igoeran hasi da erabakitzen. Castellonek erasoa jo du eta abantaila polita lortu du, baina Atagoitiko igoeran Caviak eta Sagradok harrapatu egin dute. Atagoitiko azken metroetan Caviak eta Castellonek Sagrado atzean utzi dute eta biak elkarrekin heldu dira Kale Nagusira. Cavia erraz nagusitu da esprintean.
Irabazlea oso pozik azaldu da. “Oso egun gogorra izan da, hasieratik euria eta hotza pairatu behar izan baititugu. Baina ni oso ondo nengoen eta taldeak inoiz ez bezala lan egin du. Azken itzulian lasterketa gogortzen saiatu gara eta oso ondo atera zaigu. Egia esan, gaurko eguna egutegian markatuta nuen”.
Valladolidekoa da, baina ondo ezagutzen ditu Goierriko errepideak. “Laugarren aldiz parte hartu dut Santikutz klasikoan. Valladolidekoa naiz, baina bi denboraldi eman nituen Euskal Herriko talde batean (Eiser taldean) eta inguru hau oso ondo ezagutzen dut. Nire bigarren etxea da”.
Bere hurrengo helburua igandean Eibarren jokatuko den Balentziaga klasikoa da. “Nire helburua Espainiako Kopa irabaztea da. Hurrengo proba Balentziaga da eta hor ere puntuak lortzen saiatuko naiz”.
Gari Ugarte legazpiarra ere oso gustura azaldu da. Lehen urtea du 23 urte azpikoen mailan, baina etxeko lasterketa amaitzea lortu du. “Oso egun gogorra izan da. Hasieratik euria egin du, baina oso motibatuta nengoen eta horrek gogortasuna ahazten lagundu dit. Bukatzea eta gozatzea lortu dut”.
Herritarren animoek ere asko lagundu diote. “Gertukoen animoek gozatzen eta sufritzen lagundu didate. Lagunak irteerara joan dira, gaupasa egin ondoren, bengala eta guzti. Bultzada handia izan da”.
Lehen urtea du 23 urte azpikoen mailan. “Maila aldaketa asko nabari da, baina oso ondo ari naiz egokitzen. Pixkanaka geroz eta aurrerago egotea espero dut. Erabat egokitzea lortzen dudanean, nire buruari helburu anbiziotsuagoak jarriko dizkiot”.
Larunbatean Lazkaoko lasterketan parte hartuko du. “Bidasoako Itzulia egin dut eta larunbatean Lazkaoko lasterketan parte hartuko dut. Igandean ez dut Balentziaga klasikoan parte hartuko, gehiegizkoa izango bailitzateke. Bidasoako Itzulian gustura aritu nintzen. Itzulia irabazteko borrokatzen ari ginen, Aitor Agirre taldekidea liderra baitzen, baina azken etapan biok erori egin ginen”.
Erorketak txirrindularitzaren parte dira. Santikutz klasikoan ere erorketak egon dira eta erori denetako bat Diaz urretxuarra da. Faboritoetako bat zen, iaz hirugarren postuan sailkatu baitzen, baina erorketak bere lasterketa baldintzatu du. “Lasterketa hasieran erorketa izan dut eta ordezko bizikleta hartu behar izan dut. Ahal dudana egin dut. Taldeari lagundu diot, ahal izan dudan moduan. Gutxienez bukatzea lortu dut. Igandean Balentziaga klasikoan parte hartuko dut. Ea zorte handiagoa dudan!”.