Enirio-Aralarko larreak zabaldu dituzte
Mendi gainetan elurra dela, eta giro hotz eta euritsuarekin egin dute gaur Larraitzen Enirio-Aralarko larreak irekitzeko festa.
Hotza eta euria. Eta mendian, elurra. Halakoxe giroarekin zabaldu dituzte gaur eguerdian Enirio-Aralarko larreak, hamar gradura iritsi ezinik. Azken bi hamarkada pasatako ohiturari eutsiz, Larraizko (Abaltzisketa) Zamao atsedenlekuko langa irekitzeko ekitaldi sinbolikoarekin eman diote irekiera aurtengo larratze ekitaldiari.
Eguerdia pasatxo zela jaurti dute suziria Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta Enirio-Aralar mankomunitateko lehendakariak, eta Mikel Arteaga Amezketako alkate eta mankomunitateko lehendakariordeak. Eta halako batean igaro dute langa Aralarren larratuko diren abereek. Artaldeekin Orendaingo Lizarribar baserriko Iñaki Otegi eta Azpeitiko Elosiaga elkarteko zibilekoak igo dira, eta behi eta txekorrekin Abaltzisketako Gorostiditarrak.
Bederatzi hilabeterako
Datorren urteko urtarrilaren 31ra arte egongo dira abereentzat zabalik Enirio-Aralarko larreak. 1.060 behi, mila behor inguru eta 16.500 ardi larratu dira aurten mendian. Ganadu larriaren kopurua inoizko handiena izango da aurten –urtez urte gora doa–, eta ardienari eutsi egiten zaio hortxe-hortxe.
Ganaduzaleak izan ohi dira abereak mendia denbora gehienez izaten dituztenak. Datozen egunetan asko eta asko izango dira behiak eta behorrak gora eragingo dituztenak. Artzainek beranduxeago egin ohi dute gorako bidea, maiatz erditik aurrera, eta jaitsi ere urriaren azkenerako jaisten dira gehienak.
Goen-goeneko larreak zurituta esnatu dira gaur, eta larreak garai honetan egon diren moduan daude, nahiz eta azken aste honetan belar pixka bat ateratzen hasi den.
Aizkoran Vicente aurretik
Kosta zaio ederki gaur Larraitzi festa itxura hartzea. Giro narrasak jendea atzeratu duela sumatu da. Aizkora erakustaldiak erakarrita egin du askok gora, eta hura ere dotore atera den arren –hori bai, euripean–, ez da iragarri bezalakoa izan. Iker Vicentek eta Julen Alberdi Txikia IV.ak joan den larunbatean Tolosako zezen plazan egin zuten desafioaren ondorengo lehen saio egin behar zuten gaur Larraitzen, baina Alberdik, lan kontuak medio, ezin izan du gaur plazarik egin, eta Mikel Larrañaga aritu da haren ordez.
Larunbateko desafiotik soberan geratutako enborrekin aritu dira lanean, eta parekatua izan da oso lehia. Segundo gutxiko aldearengatik nagusitu da Vicente. Esatari lanetan Juanjo Sagastibeltza urretxuarra aritu da, bertsotan Maialen Akizu eta Bixente Gorostidi, eta trikitilari lanetan Xabier eta Janire Urretabizkaia aita-alaba amezketarrak.
ARGAZKIAK ETA BIDEOA: Iñaki Gurrutxaga