Hemezortzi bikotek parte hartu dute Lazkaoko bakailao lehiaketan
Bittor eta Bittor Paniagua aita-semeek jantzi dituzte irabazleen txapelak.
Lazkaoko festetako azken egunean, bakailao lehiaketa herrikoia egin dute, plazako arkupean. Hemezortzi bikotek eman dute izena, eta hemezortzi lapikokada bakailao prestatu dituzte. Lartxai elkarteari egokitu zaio aurten lehiaketa antolatzea, herriko beste soziedadeetako kideen laguntzarekin.
Bittor eta Bittor Paniagua aita-semeek aurkeztutako platera izendatu dute irabazletzat epaimahaikoek. Hirugarren aldia dute elkarrekin aurkezten direna; orain arte bigarren eginak ziren, eta lehenengo aldiz jantzi dituzte txapelak. Lau lagunentzat afaria ere jaso dute saritzat.
Epaile lanetan Mercedes Jimenez txurrogilea, Ruben Ramajo, Luis Cabanillas eta Manolo Hernandez aritu dira. Nahiko garbi apartatu dituzte 18etatik hiru onenak. Gazi puntuan zeukaten diferentzia izan da epai zorrotzena; batzuen kasuan, egoste puntua ere ez zela behar bestekoa azaldu dute. Aurkezle eta esatari lanetan Oihana Sarasola jardun da.
Bikote bakoitzari bina kilo bakailao gazitu eman dizkio antolakuntzak; norberak gezatu du, bakoitzaren gustura. Horrez gain, 20 euro ere eman zizkieten, beharrezko gainerako osagaiak erosteko. Prestaketa guztia plazan bertan egitea da lehiaketaren baldintza bat. Herritarren artean banatu dituzte lehiaketako bakailaoak, irabazleena izan ezik.
Argazkiak: Aimar Maiz Morea