«Hitz-jokoekin ondo pasatzen dudalako parte hartu dut»
AEK-Korrikaren lehiaketa horren helburua da salatzea euskal herritar guztiek ezin dutela euskara doan ikasi, baita egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak ikusaraztea ere. Aranburu ordiziarra izan da irabazlea.
Beti gustatu izan zaizu idaztea?
Institutu garaian irakasleek bultzatuta hasi nintzen eta gustagarria egin zaitzaidan hitzen jolasa, dibertigarria da. Hitzen jolasa demasa! Egia esan, horrelako lehiaketak aitzakia ona dira irudimenarekin ondo pasatzeko. Goierrin, Beasaingo idazlehiaketa dago eta izugarri eskertzen da, gazte asko zaletzen baitira eta haiei hitza emateko aukera ere suertatzen baita. Ni horri esker zaletu nintzen eta oroitzapen politak dauzkat.
Nola izan zenuen AEK-Korrikaren Paperezko bizitzak lehiaketaren berri?
Mugikorrean albistea atera zitzaidan. Pentsatzen dut, hedabideetan asko zabaldu zelako. Ikaragarri eskertzen dira horrelako lehiaketak, idaztera bultzatu ez ezik, euskararen normalizazioari putz egin eta euskal kultura lau haizetara zabaltzea ere ahalbidetzen duelako.
Zergatik erabaki zenuen parte hartzea?
Hitz-jokoekin ondo pasatzen dudalako eta entretenigarria delako. Tarteka parte hartzen dut halako lehiaketetan eta sari batzuk irabazi ditut. Gazte garaiko oso oroitzapen gozoak dauzkat, irudimenaren sehaskatik euskara bihurtzen da jolas, ez da askorik behar esna amesteko!
Basa mortu, arrotza abortu izena du zure lanak. Zer kontatu duzu ipuinean?
Letra zopa jolas bat da, non k, o, rr, i eta a, nahas-mahasean dauden eta bertako izerdian irristatzen garen. Hizkiak paper zuriko basamortuko atletak dira eta hartzailearen bihotzaren helmugara iritsi behar dute. Basamortu zuriak hitzez bete behar den zuriunea adierazten du. Korrikalariek ez dute amore ematen; hizkuntzaren intentsitatea sentitzen dute bihotzaren dardara bakoitzean eta haren atzetik korrika egiteko gonbita egiten dio irakurleari, korrikalarien aniztasuna islatuz. I hizkiak, adibidez, ez du arrastorik uzten hondarretan, nekerik gabe irristatuko balitz bezala egiten du korrika; rr euskaldun petoak diren bikiak dira, Perurenaren harria baino astunagoak; o hizkia hamsterraren energia da, nekatzen ez den gurpileko korrikalaria… Ildo beretik, Mikel Laboa aipatzen da: Bi kate, biak ebaki beharrezkoak: bata gorputza bizitzeko, bestea gogoa askatzeko. Gure gorputza forma bat baino gehiago da; ahoa, hankak, bihotza eta burua ere badira; bibrazioa, dardarizoa, deklarazioa, negoziazioa, desira, pasioa; Basa mortu, arrotza abortu, eskubide berdintasunaren lehortea ezin da izerdi artean estutu.
Zer sentsazio AEK-Korrikaren txapelketa irabazi zenuela jakitean?
Gustura hartzen dira horrelako berriak, egun batzuetako azukre dosia izan da, gozokia