Santikutz klasikoa: garaikur berezienak dituen lasterketa
Legazpiko txirrindulari lasterketako garaikurrak Ane Urtzelai artistak egin ditu
Gaur goizean Legazpin egin den Santikutz klasikoa txirrindularitza egutegiko proba garrantzitsuenetakoa da. Aurtengoa 90. edizioa izan da eta gizonezkoen Espainiako Kopako Goierriko proba bakarra da. Halako lasterketa batek detaile guztiak zaindu behar ditu eta, hala, garaikurrak ere bereziak ditu. Ane Urtzelai artista legazpiarrak egiten ditu eta urtero ezberdinak dira.
Urtzelaik iaz egin zituen lehenengoz Santikutz probako garaikurrak. “Enkarguak ilusio handia egin zidan. Iazkoak eta aurtengoak ezberdinak dira. Iazkoa erronka handia izan zen. Garaikur sendoa izatea nahi nuen, pisutsua. Irabazleak zerbait garrantzitsua irabazi duen sentsazioa izatea. Iaz dezente kosta zitzaidan garaikur egonkor bat lortzea. Burdina tolestu nuen, egurra ere erabili nuen… Ez nuen huts egin nahi eta kosta egin zitzaidan helburua lorteza”.
Aurten lasaiago ibili da. “Gusturago gelditu naiz. Aurten ere garaikur pisutsua egin dut. Marmola, zeramika eta burdina erabili ditut. Margolanari dagokionez, olioa erabali dut. Garaikur bakoitzean irabazleari dagokion maillota daraman txirrindulari bat margotu dut. Mendiko sailkapena irabazi duenaren garaikurrean mendiak ikusten dira txirrindulariaren atzean, bigarren sailkatuaren garaikurrean borrokatzen ari den txirrindulari bat ikusten da, irabazlearen garaikurrean maillot hori daraman txirrindulari bat…”.
Oso pozik ageri da. “Horrelako lanak egitea plazera da. Antolatzaileek, Santikutz klasikoa lasterketa garrantzitsua izanik, zerbait ezberdina egin nahi zuten. Legazpin irabazten duten txirrindulariak kopa asko dituzte eta Legazpikoa ezberdina izatea nahi zuten. Lortu dugula uste dut. Eskerrak eman nahi dizkiet, aukera emateagatik”.
Urtzelai Sorkuntza eta Diseinu gradua egiten ari da, EHUn. “Ikasketak lagungarriak izan dira Santikutz klasikoko garaikurrak egiteko orduan. Esan beharra dut ere laguntzaile asko izan ditudala: batzuk materiala lortzen lagundu didate, aitaren lagun batek soldadura lana egin zuen…”.
Emaitza ikusgarria izan da. Daniel Cavia irabazleari ere asko gustatu zaio garaikurra. “Oso garaikur polita da. Ezberdina. Originala. Berezia. Orain arte irabazitako kopen ondoan jartzen dudanean, urrutitik ikusiko da zein da Santikutz klasikoari dagokion saria”.