«Haurra nintzenetik profesionaletara iristea izan da nire ilusioa»
Unai Etxeberriak (Ezkio, 2006) San Migel jaien barruan antolatu duten Urrezko Aizkorako kanporaketa jokatuko du igandean 18 urtez azpikoen mailan.
Nondik nora datorkizu aizkorarekiko zaletasuna?
Joxe Ugarteburu aizkolaria haurra nintzenetik ezagutzen dut. Etxean hasi nintzen aizkorarekin, nire kasa. Joxe Ugartebururekin ikasten hasi nintzen beranduago, orain arte. 15 edo 16 urte izango nituen Joxerekin Ezkioko San Miguel jaietan debuta egin nuenean, 2022an.
Gustatu egin zitzaizun orduan.
Bai. Pilotan ere aritzen nintzen orduan. Haurra nintzela hasi nintzen. Pilota utzi beharra izan nuen aizkoran gehiago hasi nintzenean, biekin batera ezin nuelako jarraitu.
Zerk erakarri zintuen aizkoran?
Egurra mozten hasi nintzenean, polita iruditu zitzaidan. Aizkolarien arteko lehia horrek ere erakarri ninduen. Baina aizkoran aritzeko burua eta indarra ere eduki beharra daude. Sakrifizio asko eskatzen duen kirola da. Aizkoran aritzea ez da egurra moztea soilik, kirol gogorra da, gorputza eta burua landu behar dira.
Aizkolari izateko ez da egurra mozten soilik trebatu behar, hortaz.
Ni mendira joaten naiz sarri, korrika ere egiten dut eta pisuzko entrenamenduak ere bai. Astean pare batean edo entrenatzen dut.
Ezkioko San Miguel jaietako debutaren ostean, plaza gehiago etorri ziren.
Bai. Iaz Gipuzkoako Aizkolari txapelketan bigarren egin nuen 18 urtez beherakoen mailan. Abenduaren 31n jokatu zen Urrezko Aizkorako binakakoan ere txapela lortu nuen Igoin Pikabearekin batera. Bigarren gelditu nintzen Urrezko Aizkoran banakakoan.
Zer moduz ikusten duzu zure burua?
Une honetan nahikoa ondo. Lehen behera egin nuen eta orain pixkanaka maila hobea hartzen ari naizela iruditzen zait eta ilusio handia dut.
«Ni mendira joaten naiz sarri, korrika ere egiten dut eta pisuzko entrenamenduak ere bai»
Zer maila dago aizkolari gazteen artean gaur egun?
Maila ona dago. Hasi nintzenean baina hobe nabil eta gustura nago.
Nola ikusten duzu aizkora orokorrean? Gainbeheran dagoen kirol bat dela iruditzen zaizu?
Momentu oso onean ez dago. Alde batetik egurraren falta handia dago. Egurra gero eta garestiagoa da eta aizkorak ere bai. Lagunek eta senideek bultza egiten didate eta gustura nago. Bestalde, erakustaldiei dagokienean, nahikoa ondo dagoela iruditzen zait. Herri askotan antolatzen dituzte aizkora erakustaldiak, osasuntsu dago.
Hurrengo hitzordu garrantzitsua San Migel jaietako kanporaketa izango da.
Urrezko Aizkorako kanporaketa jokatuko dut gazteen mailan. Hamahiru aizkolari gazte gabiltza eta zazpik jokatuko dugu Ezkioko kanporaketan. Kimetz Oñederra Aittolak, Amets Aristizabalek, Ibai Emaldik, Joan Goikoetxeak, Amets Kortinak, Oier Mitxelenak eta nik.
Etorkizunari begira, aizkoran ikusten al duzu zure burua?
Haurra nintzenetik horixe izan da nire ilusioa, aizkoran profesionaletara iristea. Ahaleginak egingo ditut, ezinezkoa bada, hortxe geratuko naiz.