Aranburuk bigarren postua lortu du Frankfurteko Sari Nagusian
Ezkiokoak ia garaipena eskuratu zuen atzo Alemaniako lasterketan. UCI World Tour mailako egun bateko lasterketa izan zen. Lotto Dtnsy taldeko Van Gilsentzat izan zen garaipena.
Alex Aranburu txirrindulari ezkiotarrak (Movistar) bigarren postua lortu zuen atzo UCI World Tour mailan jokatzen den Frankfurteko Sari Nagusian (Alemania). Esprintean erabaki zen lasterketa eta Lotto Dstny taldeko Maxim Van Gils ziklista belgikarrarentzat izan zen, azkenean, garaipena (4:49min) Aranburuk gertutik jarraituta. Riley Sheehan (Israel-Premier Tech) estatubatuarrak egin zuen hirugarren.
201 kilometroko ibilbidea eta 3.000 metroko desnibel positiboa zuen Eschborn eta Frankfurt hirien arteko ibilbideak. Beste behin, garaipenetik hurbil geratu da goierritarra. Urtea hasi denetik hainbat lorpen batu ditu Ezkiokoak; esaterako puntukako sailkapena irabazi zuen Itzulian. Gainera, jokatutako lasterketetan atzoko bigarren postuaz gain, bi aldiz sailkatu da hirugarren, behin laugarren eta hirutan bosgarren. Ohorezko beste postu batzuk ere erdietsi ditu azken hilabete hauetan.