Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaiaren abestia eta bideoklipa aurkeztu dute gaur Plaza Nagusian
Jon Maiak egin du letra, eta Kau Kori Kurak musika. Ordizian izango da Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia, ekainaren 2an.
Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaiaren abestia eta bideoklipa aurkeztu dute gaur goizean Ordiziako Plaza Nagusian. Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioaren koordinatzaileak eta Naroa Elortza Ordiziako eskola publikoko komunitateko ordezkariak aurkeztu dute proiektua. Pantaila handi batean proiektatu dute gero, eta ikasle talde batek dantza egin du. Ekitaldiari amaiera emateko, bertan zeuden ikasle, irakasle eta ordezkari guztiek egin dute dantza abestiarekin.
Jon Maiak egin du letra, eta Kau Kori Kura-k musika. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren leloa Publikoa ai do! izango da, eta hala izena du abestiak ere. Elortzaren hitzetan, ez da abesti soil bat edo bideoklip bat, “proiektu kolektibo baten emaitza ederra” baizik. “Sortzaile bikainak izan ditugu bidelagun. Jon Maiarekin hasi genuen abentura. Bere egin zituen Ordiziako eskola publikoaren ardatzak. Lehen momentutik hunkitu gintuen, Euskal Herri anitza, publikotasuna eta euskalduntasuna hain modu ederrean islatu zituela ikusita. Gero etorri zen Kau Kori Kura, gure eskolako guraso diren Kau Kori Kura. Aitortu behar dizuegu asteak pasa ditugula guraso elkartean maketarekin bueltaka”.
Ekainaren 2an
Ordizian ospatuko da ekainaren 2an Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia. Jende ugari bilduko da herrian egun horretan. Urdaneta-Oiangureneko guraso elkartea eta EHGIE buru belarri dabiltza jaia antolatzen. Ikasturtean zehar ere hainbat ekintza egiten ari dira egun horri lotuta. Tartean, publikotasunari eta euskalduntzeari buruzko mahai inguru bana egin dute, eta hirugarren bat egingo dute aniztasunaren eta inklusioaren inguruan.
Horrez gain, maiatzaren 15an, 17:15ean, Munduketariak (Patxi Zubizarretak idatzitako eta Jokin Mitxelenak ilustratutako Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaiaren liburua) liburuaren emanaldi musikatua eta marraztua izango da Herri Antzokian. Patxi Zubizarretak narratuko du, Jokin Mitxelenak marraztu egingo du, Joserra Senperenak pianoa joko du eta Maddi Oihenartek abestu egingo du.
Hemen abestia eta bideoklipa: