Ganaduzaleek topaketa egin dute Kale Nagusian
Santikutzetako ganadu feria egin dute goizean herriko abeltzainek. Arkume errea, artisauak, herriko hainbat elkarte eta era askotako saltzaileak ere izan dira feriako protagonistak. Plazan, zirku tailerra egin dute. Gauean herri danborrada aterako da, orain arteko jendetsuena.
Maiatzaren 2a herriko ganaduzaleei erreserbatuta dago Santikutz jaietan, eta gaur goizean, Kale Nagusian egin dute topaketa, ganadu eta guzti. Legazpiko baserrietan eta mendietan hazten dituzten behiak, behorrak, astoak eta ahuntzak jarri dituzte erakusgai bertan. Ganaduzale gazte askotxo ikusi da bertan.
Beoki, Elortza, Urtatza, Egizabal, Eguzkitza, Ibarrola, Zabaleta, Agirrezabal, Uberkalde, Astaola, Lakiola, Muru, Haizeta eta Zubiaurre baserrietako ganadua izan da ikusgai, eta abere baten pisua asmatzeko jokoa ere egin dute, azken urteetan bezala. Aurten, Haizeta baserriko Alba behorraren pisua zen asmatu beharrekoa, Andoni Gutierrezek hazitakoa. Albak 640 kilo pisatzen ditu, eta zenbaki horretara gehien hurbildu diren bi herritarrek Bertatik Bertara egitasmoko kide diren ekoizleen produktuekin osatutako lote bana irabazi dute, Iñaki Mirandak eta Joaquin Odriozolak, hain zuzen ere.
Ganadu erakusketatik gertu, Gure Esku Dagok arkumeak erre ditu burruntzian, eta pintxoak saldu ditu ondoren, egundoko ilarak sortuz. Talo postuan ere ez da bezerorik faltatu, ezta Kale Nagusiko goiko aldean jarritako artisau postuetan ere. Horien artean Xalinko zeramika eta Txirbil egur taila elkarteetakoak ere baziren, baita era askotako produktuak saltzen zituztenak ere.
Aldi berean, plazan zirku tailerra egin dute eta txikienek hainbat joko probatzeko aukera izan dute, ondoan Lekanazpi elkartekoak familia bazkarirako paella prestatzen ari ziren bitartean.
Arratsaldean jarraituko du festak Legazpin, eta sptunik goitibeherak eta erraldoien kalejira izango dira. Gauean, berriz, herri danborrada ateratako da, orain arte egin den jendetsuena, ia 500 lagunekin. Aurten hiru adar aterako dira, bi Laubidetik, eta beste bat Bikuña-Enea plazatik, guztiak Kale Nagusian elkartu eta plaza bitarteko bidea elkarrekin egiteko. Plazan herriko bandera jarriko da udaletxeko balkoian gauerdian, eta ekitaldi nagusia egingo da bertan ondoren.
Bihar, Santikutz eguna
Bihar Santikutz eguna da, jaietako egun handia, eta 12:00etan hasita, ezpata-dantza ekitaldia egingo du Sustraiak taldeak plazan Goiz Deia txistualriekin eta Ezpelur dultzaineroekin. Olaria saria ere banatuko zaie Jabier Iraetari eta Iratzarri elkarteari. Iluntzean, musika bandaren eta Rockalean taldearen kontzertua izango dira.
Santikutz jaiak igandean amaituko dira, Mirandaola egunarekin.
Hemen gaur goizeko irudi batzuk: