Meaka-Irimo plataformak kontzentrazioa egingo du Eusko Jaurlaritzaren aurrean
Meaka-Irimo herri plataforman lanean jarraitzen dute, Capital Energy multinazionalak Irimon zentral eolikorik egin ez dezan. Datorren asteartean (maiatzak 7), Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean kontzentrazioa egingo dute.
Kontzentrazioaren helburua, Irimoko zentral eolikoaren gaineko erabakia hartu dezaketenei herritarren kezka helaraztea da. “Herritarrok kezkaz bizi dugu prozesua eta, nahiz eta haiek isilik egon, gu kontziente gara Irimo mendiaren etorkizuna jokoan dela. Arantxa Tapia sailburua Irimora joatea gonbidatu nahi dugu, gurekin batera, bertan egin nahi duten zentral eolikoak inguruneari lekarkiokeen txikizioa ikus dezan”.
Herritarrak astearteko kontzentrazioan parte hartzera deitu dituzte. 10:30etik 11:30era egingo dute, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren atarian (Gasteizko Donostia kalean).