Ur-erroten garrantziaz ohartarazteko saioa Errotatxon
6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago. Gipuzkoako Erroten Egunaren baitako ekimena da. Taloak egiten ikasteko saioa, arratsaldean.
Aurten ere, Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko dute maiatzean zehar, hirugarren urtez. Mutiloako Errotatxon ere bat egin dute ekimenarekin eta larunbatean bi saio izango dira, aukeran.
Goizean zehar, 11:00etatik 13:00etara Mutiloako ur-errota ezagutzeko saioa antolatu dute Lurlaben eskutik 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta. Ura aprobetxatzeko antzinako zein gaur egungo teknologiak gaztetxoei erakustea da saioaren helburu nagusia, ur-errotek gizartearen garapenean izan duten garrantziaz ohartaraziz. Historian zehar erabili diren errota mota ezberdinei ere erreparatuko diete, 3D inprimagailuekin egindako hainbat modelo erabilita. Parte hartu ahal izateko izena hemen eman dezakezu.
Taloak egiteko ikastaroa
Jardunaldian zehar energia berriztagarrien garrantziari buruzko hitzaldi bat egongo da eta arratsaldean, 17:30etik aurrera taloak egiten ikasteko saioa egingo dute Errotatxon bertan.