Goierriko Amillubitarren bideoa
Lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatzeko proiektu herrikoia da Amillubi. Biolur elkartea Zestoako Iraeta auzoan dagoen baserria eta haren lurrak erosteko kanpainan murgilduta dago. Maiatzaren 11n 'Amillubi, lurra taupaka' festa antolatu du, eta hainbat goierritarrek babesa adierazi diote egitasmo horri.
Biolur Gipuzkoa elkarteak Amillubi, lurra taupaka festa antolatu du maiatzaren 11rako. Amillubi Zestoako Iraeta auzoan dagoen baserri bat da, eta Urola ibaiaren meandro batean kokatuta dago eta 26 hektareako nekazaritza lur emankorra da. Biolurrek baserria eta haren lurrak erosteko proiektu herrikoia du esku artean, “lur emankor horiek ondasun kolektibo” bihurtzeko.
“Egungo krisi ekologikoaren eta lehen sektoreak bizi duen zailtasunen testuinguruan, Amillubik Euskal Herriko Elikadura Burujabetza garatzeko pausu txiki baina estrategikoa izan nahi du, dagoeneko orain urte batzuk ipar Euskal Herrian martxan jarri zen Lurzaindiaren lorratzari jarraituz”, nabarmendu du Biolurrek.
Horretarako 150.000 euroko diru-bilketa ere aurkeztu dute Coop57 Fundaziorekin batera, eta orain artean 100.000 euro biltzea lortu dute, herritar, kolektibo zein erakundeen ekarpenei esker. Maiatz bukatzerako beste 50.000 euro lortzeko erronka dute, eta horretarako datozen hilabeteetarako dinamika desberdinak prestatzen ari da Amillubiko lantaldea. Besteak beste, bilaraz bailara proiektua aurkezteko hitzaldiak antolatu dituzte –Lazkaoko Biziolan egin zuten apirilaren 17an–, eta horrekin batera, bailara guztietako herritarrek parte hartu duten bideo labur batzuk ere sortu dituzte.
Goierriko Amillubitarrak
Bideo horien artean dago Biolurrek Goierriko hainbat Amillubitarrekin osatutakoa: Anne Otegi eta Iker Markinez sukaldariak, Pello Ramirez musikaria, Oihana Iguaran eta Iñaki Murua bertsolariak, eta lehen sektorean lanean ari diren Mariñe Arbeo, Iñaki Intxausti eta Judit Gartzia.