Rantxera erritmoz datoz jaiak
Sorpresa batekin dator Muxutruk erromeria taldea: Beasaingo jaiei eta beasaindarrei eskainitako 'Loinatz jaiak' abestia sortu dute. Igandetik astelehenerako gauerdian entzungai izango da hainbat plataformatan.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/05/muxutruk-1200x870.jpg)
«Ilusioz beterik, urduri, maiatzaren 10a iristeko gogotsu, jendearen erreakzioa ikusteko amorratzen,…», emozio saltsa dute gorputzean Muxutruk taldeko kideek, sekula baino gehiago. Sorpresa handi batekin datoz, primizia batekin, eta dagoeneko iritsi da lau haizeetara zabaltzeko unea. «Ez da erraza izan sekretua mantentzea», aitortu dute. Hasi dira pistak ematen, poliki-poliki, jolasean bezala. «Gure asmoa zen, Euskal Herriko plazetara zabaltzen hasi ginela bosgarren urteurrena bete den honetan, orain arte egin dugun gauzarik bereziena egitea», iragarri du Julen Gorostiaga Muxutruk taldeko bateria jotzaile tolosarrak. «Erdi brometan hasi ginen, eta azkenean egi bihurtu da», jarraitu du jolasarekin Maddi Otamendi taldeko abeslari beasaindarrak. «Abesti bat sortu dugu, jaiei eskainia» askatu dute sekretua azkenean. Loinatz jaiak izenburupean, igandetik astelehenetako gauerdian interneteko plataformetan entzungai izango da, aurtengo Loinatz jaietako ereserkia bihurtzeko lehengai guztiak dituen abestia.
Punta-puntan dauden abestien moldaketak egin izan dituzte sorreratik, eta dantza algara batean jarri dituzte plazak bete dituzten parrandazale guztiak. Baina oraingo honetan, lehenengo aldiz, Muxutruk taldeko kideek sortutako abesti bat plazaratuko dute. «Guk, maitasun osoz sortu dugun zerbait da; Beasaingo festei eta honaino hauspotu gaituzten denei omenaldi bat da abesti hau, eskerrak emateko modu bat». Taldekide denek jarri dute aletxo bat abestiaren sorkuntzan, eta astelehenean, herriarena izango da. Loinatz jaiak du izenburua, eta rantxera erritmora abestu eta dantzatuko da. Alaia, dantzagarria, erraz iristen den horietakoa izango da.
«Beasaingo festei eta hauspotu gaituzten denei omenaldi bat da abesti hau»
Maddi Otamendi. Muxutruk-eko abeslaria
Abestiaren mamiaz ere kontatu dute gehiago; «Jaiei eskainitako abestia izanik, garbi genuen jaietako ekitaldi eta eragile desberdinei erreferentzia egin behar ziela; Mariren jaitsiera, danborrada,…»
Elkar estudioan grabatu dute abestia, Victor Sanchez beasaindarrarekin. «Lana asko erraztu digute, zoragarria izan da haiekin lan egitea» nabarmendu dute estudioko lanaz. Eta emaitza ikusita, «zoratzen gaude, oso-oso ondo geratu da», bota dute pizgarria.
Hala, atzera kontaketa hasi da. bi egun gelditzen dira mundu guztiak abestia deskargatu eta Beasaingo jaiak iristerako ikasten joateko. «Kristorena izango litzateke, maiatzaren 10ean emango dugun kontzertuan jendeak abesten laguntzea», animatu dituzte denak. «Tabernetan eta txosnetan abestia entzutea ere ederra litzateke»
Maiatzaren 10ean, Mariren jaitsiera eta segituan, Bideluze plazan, joko dute kontzertua. 23:00etan puntu-puntuan hastea espero dute. Bigarren emanaldi bat ere egingo dute jaien barruan; Mozorro egunean txosnagunean izango dira.
Musika eskolan sortua
Euskal Herriko plaza guztietara jauziaren bosgarren urteurrena bai, baina taldearen sorrera lehenago kokatzen da. Beasaingo Musika Eskolan sortu zuten Muxutruk taldea «duela urte asko». Harrezkero, «esentzia» aldatu ez bada ere, «erromeria taldea izateko jaio baitzen» eta horretan mantentzen dira, taldekideei dagokionez, «izan dira joan etorri ugari». Izan ere, hasierako talde hartako taldekiderik «ez da gelditzen», gaur gaurkoz. Beñat Iturrioz trikitilaria da momentu honetan beteranoena, «duela bost urte» sartu zena taldean. Beranduxeago fitxatu zituzten Gorostiaga, Otamendi, eta gainontzeko taldekideak; teklatuan eta koruak Zuriñe Cipitria tolosarra eta kitarra elektrikoan David Garcia villabondarra. Taldearen izenari dagokionez, hasierako hura mantendu dute; Muxutruk.
«Orain arteko gauzari bereziena izango da bosgarren urteurrena»
Julen Gorostiaga. Muxutruk-eko bateria jotzailea
Taldearen martxari dagokionez, «nabarmen hazi» da. Beasaingo festetan eta San Joanetan egin zituzten lehenengo emanaldiak. Lehenengo urte haietan ez ziren Beasaindik atera. Gorostiagak eta Otamendik diote «pandemiak lehena eta oraina markatu zuela», hortxe «zabaldu» zirela Euskal Herrira. Iaz adibidez, «60tik gora emanaldi» egin zituzten Euskal Herri osoan zehar. Erromeria taldeen loraldi bete-betea harrapatu dute; «Telefonoa jo eta jo izaten da hemendik aurrerako asteetan, eta publikoak bikain erantzun izan du beti, jendea kale gogoarekin dago, ondo pasatzeko gogoarekin», eta Muxutruk taldeak du botika magikoa; «dantzan jarriko dituzten abestiak».
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/05/muxutruk___loinatz_jaiak-scaled.jpg)
- Noiz. Astelehenean 00:00etan entzungai izango da Muxutruk taldearen Loinatz jaiak izenburua duen abestia.
- Non. Internet bidez, plataforma desberdinetan izango da entzungai: Spotify, Youtubemusic, Youtube eta taldearen sare sozialetan.