Ondarearen katea eten ez dadin
Burdinaren ibilbidearen eguna ospatu dute Zeraingo Aizpea meatze gunean. Herri eskolako haurrek Oskorriren ‘Forjariaren kanta’ ezaguna abestu dute Aizpitako labeetan.
Maiatzeko lehendabiziko asteburuarekin, Pirinioetako Burdinaren Ibilbideak bere eguna ospatzeko ohitura du. Zeraingo Aizpea meatze guneak ere bat egin du ospakizunarekin eta gaur goizean Zeraingo herri eskolako haurrek lagunduta ekintza xumea egin dute Aizpitako labeetan. Herriko eskolako haurrek eurek egindako kasko eta mailuak soinean, Oskorriren Forjariaren kanta abesti ezaguna abestu dute.
Helduenak oinez iritsi dira Zeraindik meatze gunera, 40 minutuko ibilbidea eginda, gazteenak berriz, taxian. Abestu ondoren merezitako hamaiketakoa egin dute interpretazio zentroan eta ondoren, bisita gidatua egin dute Aizpeako meatze gunean barrena.
Ondarea iraganarekin lotu ohi dela eta sormen bide berriak sortzea garrantzitsua dela iritzio dio Beatriz Herreros historialariak eta Zeraingo museoetako kultur ekintzen arduradunak. Horregatik bereziki interesgarria iruditu zaie gaurko ekimena eskolako ikasleekin partekatzea, “jakin dezatela gu ere Pirinioetako bide horren parte garela, meatzeak ez zirela Zerainen bakarrik existitu”, gehitu du. Ondarearen transmisioaren katea eten ez dadin eta haurrek ere herriko ondarea bere sentitzeko ere balio izan du gaur goizeko saioak.
Ondarea eta kultura uztartuz
Gipuzkoako beste hainbat elementurekin batera, Zeraingo Aizpeako meategiak ere osatzen dute Pirinioetako ibilbidea, baita “Andorra, Herrialde Katalanak eta Frantziako” beste batzuk ere. Egun hau ospatzearen arrazoi nagusia “ondarea bera ezagutzera ematea eta Zerain ere ibilbide horren parte dela jakinaraztea” dira Herrerosen hitzetan.
Pirinioetako ibilbidea osatzen duten herrialde ezberdinetako museo-elementu guztiek gai jakin baten bueltan ospatzen dute euren eguna, “datozen urteetan ondarea eta kultura hartuko ditugu gaitzat. Aurten Ondarea eta musika izan da aukeratutako gaia, hortik eskolako haurrek Oskorriren kanta abestearena. Lehendabiziko aldia da kultura ondarearekin uztartzen duguna”, esan du Herrerosek.