Iñaki Beitiaren omenezko martxa, herriaren ondare
Beitia martxaren antolatzaileek erreleboa eskatu zuten iaz. Mendi martxa hau oso maitea da urretxuarren eta zumarragarren artean eta berehala gazte talde bat erreleboa hartzeko prest azaldu zen.
Iñaki Beitia irakasle, kirolzale, euskaltzale eta zinegotzia 1996an hil zen, baina berak ereindako haziak fruituak ematen jarraitzen du. Hil eta urtebetera lagunek bere omenezko mendi martxa antolatu zuten. Martxa hori Urretxuko eta Zumarragako ondare bilakatu da. Bi herrietako eraikin eta festa esanguratsuen pare. Urtero, mila lagun baino gehiago elkartzen ditu. Asko, inguruko herrietatik eta urrutiagotik etorriak. Beste asko, martxa gurasoen eskutik ezagutu eta egun lagunekin edo bikotearekin egiten duten urretxuar eta zumarragarrak. Hala, iaz, antolatzaileek martxa antolatzeari utzi behar ziotela esan zutenean, berehala gazte talde bat erreleboa hartzeko prest agertu zen. Gazteek eta beraiekin lan egiten jarraitzea erabaki duten beteranoetako batzuk urte hauetan guztietan egindako lanari buruz hitz egin dute.
Jarraitzea erabaki duen beteranoetako bat Jesus Mari Garralda da. Erreleboa zergatik eskatu zuten azaldu du. “Urte asko dira eta nekatuta geunden. Ideiak gutxituta. Zahartzen hasita gaude, osasuna… Pixkanaka jendea uzten ari zen eta erreleboa eskatzea erabaki genuen. Martxak bultzadatxo bat behar zuela ikusi genuen”.
Josu Perezek 25. edizioa mugarri izan zela uste du. “Nahiz eta gure artean ez genuen aipatu, nire ustez 25. ediziora heltzea genuen helburu. Noizbait utzi beharko zen eta zenbaki borobil horretara heldu ondoren erabaki genuen erreleboa eskatzea”.
Garraldak norbaitek erreleboa hartzea espero zuen. “Urretxun eta Zumarragan jendea inplikatu egiten da eta itxaropena banuen. Gazte hauek gurekin harremanetan jarri zirenean, poztu egin ginen, noski”.
Perez ez zen horren baikorra. “Nik ez nuen inor azaltzea espero. Sekulako sorpresa hartu nuen gazte hauek erreleboa hartzeko prest azaldu zirenean. Gainera, gure arteko harremana zoragarria da”.
Beitiak elkartu ditu
Gazteek argi zuten ezin zutela Beitia martxa galtzen utzi. “Azkeneko mendi martxa izango zela irakurri genuenean, mendizaleak garen heinean, kuadrillan gaiari buruz hitz egin genuen. Jendeak pena zela esaten zuen, baina inork ez zuen antolaketaren ardura hartzea proposatzen. Batek edo bestek lan egiteko prest zegoela esan zuela entzun nuen eta asko ezagutzen ez nituen arren, beraiekin harremanetan jarri nintzen. Xabirekin jarri nintzen harremanetan lehenengo. Taldea sortzen bazen, lanerako prest zegoela esan zidan. Hala, pixkanaka, taldea osatu genuen”, azaldu du Nerea Gabirondok.
Beitia martxa abian jarri zutenak Beitiak berak elkartu zituen (denak ez ziren elkarren lagunak, Beitiaren lagunak baizik) eta erreleboa hartu zutenak martxak elkartu ditu. “Gure artean ez genuen harreman handirik eta egun lagunak gara”, aipatu du Garraldak.
Lan talde berria bide beretik doa. Iaz ardura beteranoek hartu zuten eta gazteek lagundu egin zieten. Aurten, alderantziz egin dute. Hala, dagoeneko gazteek hainbat erabaki hartu dituzte. Gauza asko bere horretan mantendu dituzte, baina berrikuntza batzuk ere egin dituzte. “Ez dugu ezer asmatu. Jaso dugun oinarriaren gainean lan egitea oso erraza da. Gure helburua orain arte egindakoari jarraipena ematea da. Orain arte egin dena elikatzen saiatu gara”, azaldu dute gazteek.
Ibilbideari dagokionez, aurtengoa apur bat motzagoa da. Martxa maiatzaren 19an egingo da. Mendizaleak 07:00ak eta 07:30ak artean aterako dira Areizaga-Kalebarren plazatik eta 29 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Ibilbidea ez da orain artekoa baino apur bat leunagoa izango da. Beraien asmoa pixkanaka adin guztikoentzat egitea da. Bestalde, anoa postuetan edalontziak egongo diren arren, mendizaleei bakoitzak bere edalontzia eramateko eskatu diete, zaborra murrizteko.
Izen ematea
Izen ematea zabalik dago jada, Beitia.org webgunean. Datorren astelehenetik aurrera, mendizaleek Urretxuko eta Zumarragako kiroldegietan, lizeoan eta Ostadar mendi taldearen egoitzan ere eman ahal izango dute izena.
Antolatzaileek kolaboratzaileen lana eskertu nahi dute. “Beraietako batzuk oso helduak dira eta gehienek laguntzen jarraitzea erabaki dute. Gazteak etorri direla baliatu zezaketen laguntzeari uzteko, baina ez dute halakorik egin”, dio Perezek. “Hori funtsezkoa da guretzat. Izan ere, Beitia martxa antolatzeak lan handia eskatzen du. Eta jende horrek oso ondo daki zer egin behar den. Sare hori eskertu beharra dago”, gehitu du Gabirondok.
Antolatzaileek ehundutako sarea ez da txantxetakoa: 200 lagun inguruk lan egiten dute azken egunetan: anoa postuak prestatu, ibilbidea markatu… “Beitia martxaren benetako altxorra sare hori da”.