Pipasek paradisuko ateak itxi ditu
Lazkaomendiko Pipas jatetxe eta taberna iragan azaroan itxi zuten. 60 urteko zerbitzua eman du, eta toki estimatua izan da goierritarrentzat. Festak hasteko pregoia eurek egingo dute gaur.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/05/lazkaomendiko_pipas_jatetx.jpg)
Goierrin asko dira arnasa hartzea ere ahaztarazten duten paisaiak. Lazkaomendiko Albitsu baserri aurrekoa da bat. Aralar aldea batean, Aizkorri bestean… Dagoeneko, bukatu da zerbait edanez edo janez inguru harekin elikatzeko zortea. Pipas jatetxea itxi dute, eta ez dute gehiago zerbitzurik emango.
Azaroaren 9an itxi zuten behin betiko Pipas Ane Otegi eta Simon Arruabarrena senar-emazteek. Zerbitzua urri bukaeran amaitu, opor batzuk hartu, eta erretiroa hartu dute. «Ni pozik nago bukatuta. Gure saioa egin dugula uste dut. 65 urte ditut jada, eta zenbat gehiago segitu behar dugu? Simon ere pozik dago, baina muga batzuekin. Noski, bera hemengoa da eta…», dio Ane Otegik, 19 urterekin Ordiziako Idoiaga baserritik gainez gain etorritako andreak.
«Ni pozik nago bukatuta. Gure saioa egin dugula uste dut. 65 urte ditut jada, eta zenbat gehiago segitu behar dugu?»
Ane Otegi. Pipas taberna
Simonen gurasoek zabaldu zuten Pipas, 1963an, Jesus Arruabarrenak eta Joana Sukiak. Taberna koxkor bat jarri, eta meriendaleku modura herrikoitu zen berehala. 60 urteko historia osatu du, beraz.
Aitajaunaren izengoitia
Taberna eta jatetxea «ume-umetatik» ezagutu ditu Simon Arruabarrenak etxean. Zein ez da pasatu handik? Hasi udaberrian, udan lanaldi fuerteenarekin segi, eta udazkenera arte batik bat, bezeroen joan-etorria etenik gabea izan dute. Batez ere eguraldi onarekin, leku paregabeaz gozatzeko. «Negua beti ahulagoa da tabernan lan egiteko».
Tabernaren izenaz galdetuta, Pipas, Joxe Antonio Arruabarrena aitonaren izengoitia zela argitu du Simonek. «Denek uste dute jateko pipengatik dela, baina ez da hala: erretzeko piparengatik baizik. Nire aitajaun zenak pipan erretzen omen zuen, eta hari esaten zioten Pipas, eta orduan okurritu zitzaien horixe jartzea. Baserriak Albitsu izena du».
Bezeria, alde guztietatik
Gehien bat inguruko jendea izan dute bezero Pipasen, Lazkao, Beasain eta Ordiziakoa. Eta Goierri osokoa. Baina baita kanpokoa ere. «Donostia aldetik jende asko etortzen zen», dio Ane Otegik. Beraiek gobernatu dute dena, bai taberna, bai jatetxea, bai sukaldea. «Ona ala txarra, geuk egindako janaria eman dugu beti», dio Arruabarrenak. Hara joandako denak eskertu dituzte.
«Nire aitajaun zenak pipan erretzen omen zuen, eta hari esaten zioten Pipas, eta orduan okurritu zitzaien horixe jartzea»
Simon Arruabarrena. Pipas jatetxea
Ostalaritza lotua dela ederki nozitu dute, bi semeek lagunduta. «Ordu asko pasatu behar izaten dira, egun batzuetan hogei igual». Ez diote esateagatik. Urte askoan, goizean 06:30erako zabaltzen zuten, parrandatik bueltan zetozenei gosariak emateko.
Orain, baserriarekin eta abereekin – «ardi hondar batzuk, pottokak eta oilaskoak»– segitzen dute, «lan faltarik gabe». Gaur beste zeregin bat ere izango dute: Lazkaomendiko festen txupinazoa Pipasekoek botako dute; lehen aldiz, paradisuaz gozatzeko moduan eurak direla.