Ane Zuazubiskarrek lortu du puntu gehien Legorretako saioan, orain arte sailkapeneko ugarien
Arrasatearrak 361,5 punturekin irabazi du Legorretako antzokian atzo jokatutako saioa. Maialen Akizu urretxuarra bigarren eta Gorka Maiz gabiriarra laugarren geratu dira. Orion, Ane Beloki eta Aratz Igartzabal bigarren eta hirugarren izan dira.
Gipuzkoa Bertsotan lehiaketako lehen kanporaketa fasean, B multzoko saioa jokatu zen, atzo iluntzean, Legorretan. Ane Zuazubiskar arrasatearrak irabazi du, 361,5 puntu batuta. Orain arteko puntuazio altuena da, eta sailkapen nagusian lehenengo postuan jartzeko balio izan dio Zuazubiskarri.
Bi goierritar ziren atzo Legorretan kantuan, eta biek saio duina egin dute. Maialen Akizu urretxuarra bigarren sailkatu da, eta Gorka Maiz gabiriarra laugarren.
Legorretako saioko sailkapena (B Multzoa):
1. Ane Zuazubiskar (Arrasate), 361,5 puntu
2. Maialen Akizu (Urretxu), 331,5
3. Unai Izagirre (Azkoitia), 321,5
4. Gorka Maiz (Gabiria), 319,5
5. Naia Arrizabalaga (Azkoitia), 287,5
6. Beñat Zeberio (Asteasu), 258
Gai jartzaile Imanol Artola Felix aritu zen, eta epaile lanetan B multzoko ohiko laurak: Leire Beloki, Maite Sukia, Mikel Lertsundi eta Unai Muniain; idazkari, Aratz Irazustabarrena.
Orion ere aurreko postuetan
Beste bi goierritarrek ere ekin zioten atzo Gipuzkoa Bertsonaneko lanari. Kasu horretan, Orion kantatu zuten, A multzoko saioan, Ane Beloki legazpiarrak eta Aratz Igartzabal gabiriarrak. Puntuazio askoz apalagoak eman edo lortu zituzten han. Beñat Iguaranek irabazi zuen saioa, 316,5 punturekin. Beloki bigarren 308rekin geratu zen, eta Igartzabal hirugarren 306,5ekin.
Gai jartzaile Ane Ezenarro aritu zen Orion, eta epaile Estitxu Agirre, Jon Martinez, Mikel Urteaga eta Oihana Aranguren; idazkari, Oier Iurramendi.
Orioko saioko sailkapena (A multzoa)
1. Beñat Iguaran (Amasa-Villabona), 316,5
2. Ane Beloki (Legazpi), 308
3. Aratz Igartzabal (Gabiria), 306,5
4. Arnaitz Lasarte (Ereñotzu), 303,5
5. Martin Berrizbeitia (Aretxabaleta), 299,5
6. Axier Bergaretxe (Oiartzun), 246,5
Datorren astean lehiaketako beste lau saio jokatuko dira, horietako bat Idiazabalen. Guraso Elkartearen aretoan, ostegunean 19:00etan da. Mikel Iturriotz urretxuarrak eta Endika Igartzabal gabiriarrak han egingo du debuta; Aner Peritz Euzkitze, Eli Pagola, Igauri Lopetegi eta Oier Etxeberria dira beste kantukideak.
Egun berean (osteguna), Getarian, Odei Lopez legorretarrak kantatuko du. Azkenik, datorren astekoei dagokienez, ostiralean (maiatzak 10), German Urteaga beasaindarraren txanda iritsiko da, Anoetan.