Gorka Cortes arabarra izan da garaile Lazkaomendin amaitu den Lazkaoko 81. Proban
Ihesaldia bururatu du Caja Ruraleko txirrindulariak, iheskidea Lazkaomendiko azken aldapan atzera utzita.
Lazkaoko 81. Proba afizionatu mailako txirrindularitza lasterketa Gorka Cortes (Caja Rural) arabarrak irabazi du. Bakarrik iritsi da Lazkaomendi gainean kokatutako helmugara, Iker Trigo (Laboral Kutxa) iheskideari segundo batzuk azken aldapetan aterata. Aimar Erostarbe (Caja Rural) oñatiarrak osatu du podiuma.
Lazkaoko festetan behar zuen proba gaur, Lazkaomendiko festetan, jokatu da. 124 kilometroko ibilbideari aurre egin behar izan diote goizeko 09:30ean Lazkaoko plazatik abiatu diren 148 ziklistek. Sei mendate gainditu behar izan dituzte: Larraitz bi aldiz, Lazkaomendi Zaldibiatik gora bi aldiz –horietako bat helmugarako–, Olaberria, eta Gaintza –bukatzeko 8 kilometroren faltan–.
Ihesaldia Gaintzan sendotu da, eta 50 bat segundoko aldearekin koroatu dute mendatea. Zaldibiatik gora, Miranda baserriko aldapa pikoa zen, ordea, gaur benetako epaile. Baina Gorka Cortesek ez du ahuleziarik izan. 33 segundoko aldearekin abiatu dira behean, eta iheskidea atzean uzteko ere baliatu du igoera.
Cortesek 2021ean Ordiziako Txapel Gorri saria ere irabazi zuen, kadetea zela. Afizionatuetan lehenengo garaipena lortu du. Ziklo-krosean, aurtengo urtarrilean, 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan brontzea irabazi zuen, Amurrion (Araba). Gasteiz ondoko Done Bikendi Harana herrikoa da.
“Txisparekin” ailegatu da azken portura Cortes. “Maila ona eman dugu, eta hori baliatu dugu lasterketa irabazteko. Olaberrian eraso bat jo dut, jendea indarrik gabe zegoen, eta Laboral Kutxako ziklista batekin joan naiz. Oso indartsu zegoen, eta denbora tartea mantentzea lortu dugu. Atzetik askoz erosoago zetozen tropelekoak, gu nekatuta geunden Gaintzan, baina tartea mantentzea lortu dugu”, azaldu du Cortesek helmugan.
Ihesaldiak eta lasterketa gogorrak gogoko ditu arabarrak. “Ez nuen espero gaur irabaztea. Juniorretako azken denboraldian ez nuen karrerarik irabazi, eta gogotsu nengoen. Beraz, gaur oso pozik nago”. Lehenbiziko urtea du afizionatuetan.
Oier Larrañaga, lehen lazkaotarra
Podiumeko lehen hiru sailkatuez gain, beste zenbait banatu dituzte, Lazkaomendiko Ixurrene alboko helmugan. Mendiko saria ere Gorka Cortesek eraman du, eta taldekakoa bera kide den Caja Ruralek.
Euskaldun Txapelketarako baliagarria izan da Lazkaoko Proba, eta Aimar Erostarbe oñatiarrak jantzi du torneoko liderraren mailota.
Aurreneko lazkaotarraren saria ere jokoan zen. Bi herritar atera dira: Oier Larrañaga eta Jokin Askarai. Telco taldeko Oier Larrañagak lortu du Lazkaoko lehenbizikoaren garaikurra. “Nahiko gogorra joan da eguna, mendateetan estutu da. Gaintzara arte tropelean ondo nindoan, baina Gaintzan gora egurrean hasi direnean, indarrak ahitu zaizkit, eta han geratu naiz. Bihar beste karrera bat daukadanez, lasai bukatu dut”.
Lazkaomendin bukatzea ere berezia izan da. “Ez da berdina goraka edo beheraka bukatzea. Beherantz, pare bat bihurgune baditu, eta gorantz pixka bat sufritu aguantatzeko, eta beheraka aukera gehiago dauzkat”.
23 urtez azpiko kategorian azkeneko urtea du aurtengoa Larrañagak; 22 urte dauzka. “Nahiko berandu hasi nintzen txirrinduan, 23 urtez azpikoetan hasi nintzen. Urtez urte ikasten ari naiz; oraindik ikasteko asko daukadala uste dut, baina pelotoian konfiantza handiagoarekin eta gozatzen nabil. Motibazioa daukadan bitartean, aurrera segituko dut”.