Ordizian sekula egin den herri bazkari jendetsuena, Urdaneta eskolaren 50. urteurrena ospatzeko
Ordiziako herri eskola publikoak mende erdia bete du. Eskola-komunitatea hamarkada askotan osatu duten ordiziarrak, inguruko herrietakoak eta irakasleak Beti Alai pilotalekuan elkartu dira, lagunarteko bazkaria egiteko. Mila lagun izan dira.
Urdaneta herri eskolaren 50. urteurreneko bazkaria egin dute, gaur, Ordizian. Beti Alai pilotalekua eta kanpoko frontoi txikia mahaiz eta jendez bete dira. Eskolan dabiltzan familiak, haurrak eta gurasoak, irakasleak eta mende erdiko historian Urdanetako kide izan direnak elkartu dira, Urdanetarrak guraso elkarteak antolatutako oturuntzan.
Paella eta postrerako tartak zeuzkaten jateko. Bost paella-ontzi handitan prestatu dute arroza. Izan ere, udaleko arduradunek esan dutenez, Ordizian inoiz egin den herri bazkari jendetsuena antolatu dute Urdanetakoek. Mila lagun izan dira. Orain arte, 900 ingurukoa zen otordu handiena.