Ordizian 'Zampano' artisau garagardoa izendatu dute onena
Emaneurre taldeak antolatuta, Euskal Herriko VII. Artisau Garagardo Azoka ari dira egiten, gaur egun osoan, Ordiziako Plaza Nagusian. 18 artisau garagardo epaitu dituzte, eta horiek dasta daitezke postuetan.
Artisau garagardoaren azoka egiten ari dira gaur Ordizian, Emaneurre taldeak antolatuta. Plaza Nagusian, 18 garagardo mota edateko aukera dago, eta jatekoa ere badago. Euskal Herriko VII. Artisau Garagardo Azoka goizean zabaldu dute.
Eguerdian, azokan parte hartu duten 18 garagardoen artean lehiaketa egin dute. Sei aditu aritu dira epaitzen. Finalerako lau garagardo bereizi dituzte, eta horiek berriro probatu dituzte.
Zampano garagardoa izendatu dute txapeldun, 251 punturekin. Gasteizen ekoizten duten Garagart bigarren geratu da (242 puntu), eta Elgetako Baobeer hirugarren (241). Meta izenekoa zen laugarren finalista.
Garagardoei dagokienez, 17 Euskal Herrikoak dira, eta bat Kataluniatik gonbidatu dute: Refu garagardoa, Aran ibarrekoa (Lleida).
Gastronomiari dagokionez, jateko Lazkaoko talogileek bertan egindako taloak, eta Emaneurrek prestatutako kroketak eta txerrikia daude. Txerria plazan bertan ari dira erretzen. Kanalean 110 kilo zen aberea, eta 10:00etan jarri dute txingarretan erretzen. Zortzi-bat ordu beharko ditu egiteko, eta 18:00ak aldera hasiko dira banatzen.
Azokan bi erraldoi ere aurkeztu dituzte Emaneurrekoek. Apa Garagartza eta Lupulore Iparragirre dute izena; ezin garagardozaleagoak izenez ere. Umeek erabili dituzte.
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera egongo da berriro azoka irekita, gauerdira arte. Garagardoak dastatzeko aukeraz gain, 19:00etan kontzertuak hasiko dira: Revolution Brothers, Eira eta King Konsul taldeak.
Zampano etxearen ordezkari gisa, Joe Fesser jantzi du txapela. Alemaniarra da, eta Getarian (Gipuzkoa) bizi da. Aizarnazabalen du fabrika txiki bat garagardoa egiteko. Bere jatorriko eskualdeetako motak egiten ditu: Koloniakoa eta Düsseldorfekoa. “Pale ale motakoak dira, baina lager bat bezala eginda: hotzean onduta. Han ohikoa da horrela egitea, eta, dirudienez, hemen ere asko gustatu zaio epaimahaikoari”, azaldu du Fesserrek.
Parte hartu duten lehenbiziko txapelketa dute Zampanokoek.