Zaldibia 3 eta 0 aurreratu zaio Idiazabali Herriartekoan
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako estreinako jaialdian partida guztiak zaldibiarrek irabazi dituzte, Resti pilotalekuan.

Herriarteko pilota txapelketak atzo ekin zion 2024ko bideari. Esku huskako modalitatean, Zaldibia eta Idiazabal egokitu dira aurrez aurre, lehenengo kanporaketan. Atzo, Zaldibiako Resti frontoian, joaneko jardunaldia jokatu zuten.
Zaldibiak 3 eta 0 hartu du aurrea. Hiru adin-mailatan nagusi izan ziren Gaztelupe elkarteko pilotari zaldibiarrak, aise samar. Kadeteek 22-5, jubenilek 22-11 eta afizionatuetan 22-5 irabazi zituzten, denak ere Zaldibiaren alderako.
Datorren asteburuan, Idiazabalgo Igarondon jokatuko dute itzulerako jardunaldia.
Bitxitasun deigarri pare bat ere izan zen Zaldibian, atzo. Kadete mailan, batetik, neska batek jokatu zuen: Lide Lopezek. Bestetik, anai-arreba bikiak aritu ziren bikotea osatuta: Aetz eta Lide.

Aetz eta Lide Lopez anai-arreba bikiek osatu zuten Zaldibiaren kadete mailako bikotea, atzo.Iñaki Gurrutxaga

Zaldibiarrek eskarmentu handiagoa erakutsi zuten idiazabaldarrek baino.Iñaki Gurrutxaga