Loinatz jaietako abestia entzungai dago
Muxutruk erromeria taldeak sortutako abestia musika plataforma digitaletan eta taldearen sare sozialetan entzungai dago. Ostiralean kontzertua egingo dute Mariren Jaitsieraren ondoren.
Iritsi da eguna. Muxutruk erromeria taldearen Loinatz jaiak abestia entzungai dago plataforma desberdinetan. Beasaingo jaiei, eragileei eta herritarrei eskainitako kantu bat da, bertan hasi baitzuen ibilbidea talde honek. Honela dio letrak:
Irrintzi bat entzuten da
Murumenditik plazara
festak hasi dira, zatoz
su ingurura dantzara
oihu, orro, salto, brinko
txaranga, poteo, algara
txinparten artetik Mari
berpiztuz denon zirrara
Gau honen argilunean
amaitu da isiltasuna
loinatz jaiek piztu dute
herrian alaitasuna
danbor, blusa ta mozorro
errotutako ohitura
Bideluzetik barrena
festa eskutik eskura
Haur, gazte ta heldu,
zatozte gure ondora!
abestuz, dantza eginez,
doinu honen erritmora.
Bizi duguna nola den
une berezia zinez,
topa egin dezagun
beasaindarron omenez !
Zenbat muxu zenbat truke
gure herriko jaietan
kezka guztiak uxatuz
erromeriaren bueltan
Bizitza hontan ez ahaztu
norbera dela lehenbizi
bihar biharkoak eta
orain momentua bizi!
Haur, gazte ta heldu,
zatozte gure ondora!
abestuz, dantza eginez,
doinu honen erritmora.
Bizi duguna nola den
une berezia zinez,
topa egin dezagun
beasaindarron omenez!
Ostiralean, hilak 10, Mariren jaitsierarekin hasiko dira Beasaingo Loinatz jaiak eta ondoren, Bideluze plazan kontzertua egingo du Muxutruk taldeak. Egun horretan joko dituzten abestien artean honako hau ere izango da.