Udaleku Irekietan izena emateko epea irekita dago
Maiatzaren 10a izango da izena emateko azken eguna. Liburutegian egin daiteke matrikula arratsaldeko ordutegian. Nerabeentzako eskaintza beraiekin adostuko da maiatzean zehar.
Zegamako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen ekimenak eta parte hartzea sustatzeko zerbitzutik, Udaleku Irekiak antolatuko dira ekainaren 24tik uztailaren 30era. Udalekuak astelehenetik ostiralera izango dira eta ordutegiari dagokionean bi aukera egongo dira: 09:00etatik 13:00etara edo 10:00etatik 13:00etara. 2013 eta 2020 urte bitartetan jaiotako haurrei zuzenduta egongo dira. Matrikulari dagokionean, lau ordutarako izena ematen duenak 85€ ordaindu beharko ditu eta hiru ordutarako berriz 75€.
Bestalde, haurrentzako zerbitzuaren barnean, Udako Haur Txokoa ere antolatu da 2021ean jaiotako haurrentzat. Zerbitzua ekainak 24tik uztailak 30era eskainiko da goizeko 09:00tatik 13:00etara. Haur bakoitzeko ordaindu behar dena, izena ematen duten haur kopuruaren arabera kalkulatuko da.
Informazio gehiago liburutegian egongo da eskuragarri ohiko ordutegian. Eskaintza batean zein bestean izena emateko epea maiatzaren 2tik maiatzaren 10era egongo da irekita. Interesa dutenek, liburutegian eman beharko dute izena aipatutako egunetan, 15:30etatik 18:30etara. Epez kanpoko izen ematerik ez da onartuko.
Bestalde, nerabeentzako ere eskaintza plazaratuko du Zegamako Udalak uda garairako. Maiatzean zehar nerabeekin batera adostuko da Gaztelekuan udako ekintzen programazioa. Ekintza hauek 12-18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta egongo dira eta ekaina eta uztailean zehar burutuko dira.