Clarise eta Marilyn adoptatzeko deia egin du Legazpiko Lau Katu elkarteak
Emeak dira, eta parasitorik gabe, esterilizatuta eta txipa jarrita entregatuko dituzte, biak batera. Orain harrera familia baten etxean daude.
Brinkolan abandonatutako bi katu eme adoptatzeko deia egin du Legazpiko Lau Katu elkarteak. Auzoko familia batek jaso zituen eta elkartearen eskuetan utzi zituen. Gaur egun harrera familia baten etxean daude, baina behin betirako familia bat behar dute.
Clarise eta Marilyn izena jarri zieten Lau Katukoek. Biak batera adoptatzeko dira, elkarrekiko mendekotasun maila handia dutelako, “banatzeak kalte handia egingo lieke” diote elkartekoek. Parasitorik gabe, esterilizatuta eta txipa jarrita entregatuko dituzte. “Hiru kolore dituzte eta oso politak eta taldekoi dira, eta ezin hobeto egokituko lirateke edozein etxetara. Gainera, badakigu ez dutela arazorik txakurrekin ere egoteko”.
Bi katuak ezagutzeko, laukatuelkartea@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da, edo Legazpiko Udaltzaingoarekin harremanetan jarri.
Lau Katu elkarteak gogorarazi nahi du animaliak abandonatzea zigorrak dakartzan delitua dela, eta hori ikusten duen orok salatu egin behar duela.