Dani eta Julene ahizpek margo erakusketa jarri dute ikusgai elkarrekin
Dani Uribe-Etxebarria urte askoan zehar egindako lanen potpourri bat ari da erakusten, eta Julene Alustiza, vintage irudiak. Erakusketa Kultur Etxean dago hilaren 17ra arte, eta lanak salgai daude.
Dani Uribe-Etxebarria eta Julene Alustiza ahizpak dira, eta Ahizpak izenburupean ireki dute margo erakusketa Kultur Etxean. Elkarrekin egiten duten lehenengoa da.
Dani Arkatza elkarteko irakaslea da, eta Julenek harekin ikasi zuen margotzen txikitan, eta Portugalen jarraitu zuen, hara joan baitzen bizitzera gaztetxoa zela. Honen «aspaldiko ilusioa» izan da elkarrekin erakusketa egitea, eta hemen da azkenik.
Portugalen azken urtean egindako margoak ekarri ditu Julenek okasiorako, eta Danik urte askoan zehar egindako beste batzuk gehitu ditu bildumara.
Emaitza Kultur Etxean ikus daiteke, hilaren 17ra arte, astegunetan, 17:00tetatik 20:00etara.
Vintagea eta potpourria
Juleneren koadroak «vintage» dira, kolore askotakoak batzuk, ia monokromatikoak beste batzuk. Bizikletak, autoak, Wolkswagen furgonetak… margotu ditu, olioan, «eta oso errealistak dira».
Daniren lana ezagunagoa da Legazpin, eta erakusketarako «potpourri bat» aukeratu duela dio, «ni ere halakoa naizelako». Aspaldi egindako lan errealista batzuk jarri ditu ikusgai, baina baita azken aldian egindakoak ere, «orain collage teknika lantzen ari naiz». Daniren lan gehiago Ikerne Lazkanoiturburuen Ekian osasun zentroan daude ikusgai, eta horrelako espazio gehiago erreibindikatu nahi ditu, «herriko artisten lanak ezagutzera emateko, dendetako erakusleihoak adibidez».
Julene Legazpira etorriko da bizitzera udaran, eta bi ahizpen arteko elkarlanak jarraipena izango duela agindu du.
Bitartean, Kultur Etxean ikusgai dituzten lan guztiak salgai dituzte.