Uztalai udalekuetarako izena emateko epea irekita dago
Uztailaren 1etik 24ra egingo dira, Haur Hezkuntzako bigarren mailatik Lehen Hezkuntzako laugarren mailara bitarteko herriko haurrei zuzenduta. Hilaren 19an amaituko da epea.
Atzotik irekita dago Uztalai izenarekin ezagutzen diren udaleku irekietan izena emateko epea. Legazpiko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatuta, udako eskaintza hau uztailaren 1etik 24ra gauzatuko da aurten, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 12:30era, euskaraz erabat. Haur Hezkuntzako bigarren mailatik Lehen Hezkuntzako laugarren mailara bitarteko herriko haurrei dago eskainita, hau da, 2014tik 2021era bitartean jaiotakoei. Hilaren 19an amaituko da izena emateko epea.
Haur txikienak, hau da, HH-2 eta HH-3koak geletan egongo dira, Haztegi ikastolak Latxartegin duen eraikinean. Gainerako haurrek aire librean gauzatuko dute jarduera: HH-4koek Agirre-etxeberri parkean, HH-5ekoek Latxartegi parkean, eta LH-1etik LH-4ra artekoek, udaletxearen atzealdean eta aurrealdean. Eguraldi txarreko egunetan aterpean ibiliko dira.
Prezioa eta izen-ematea
Matrikularen prezioa zehaztuta du udalak. Seme-alaba bakarra bidaltzen duten familiek 75 euro ordaindu beharko dute, bigarrenagatik 48 euro, eta hirugarrenetik aurrera doan izango dute matrikula.
Izen-ematea on line egin daiteke, udalaren www.legazpi.eus helbidean, baina horretarako helbide elektroniko bat behar da. On line izena ematen duten familiek hilaren 31ra arteko epea izango dute posta elektronikoz jasoko duten matrikula orria beteta eta sinatuta udaletxean entregatzeko. Helbide elektronikorik ez duenak, udaletxean bertan eman dezakete izena zuzenean.
Iaz, 260 haur
Iazko Uztalai udaleku irekietan 260 haurrek parte hartu zuten, 23 taldetan banatuta. Haurrez arduratzeko, Legazpiko Udalak 24 begirale eta zuzendari bat kontratatu zituen.